ABIAN DA GABRIEL ARESTI IPUIN LEHIAKETAREN XL. EDIZIOA

Bilboko Udalak urtarrilaren 15ean, igandea, irekiko du Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XL ediziorako proposamenak aurkezteko epea.

Aurreko edizioetan bezala, 2023an ere bi modalitate deituko dira: euskara eta gaztelania, biek 3.500 euroko saria eta 1.750 euroko bi akzesit izango dituzte. Aurkezteko epea martxoaren 30ean, ostegunean, itxiko da.

Ekimen kultural honek bi helburu ditu: batetik, literatur sorkuntza sustatzea eta, bestetik, euskarazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea.

Lehiaketa hau irekita dago 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleentzat, baina lanak jatorriz Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan idatzita egon beharko dira, ez baita itzulpenik onartuko.

Aurkezten diren ipuinak gai askekoak izan daitezke, originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabeak. Gehienezko luzera hamabost orrialdekoa izango da (Times New Roman edo antzeko letra-mota erabilita eta hauen tamaina 12 izanik), 1,5 espazioa utziko da lerroen artean.

Oinarriei buruzko informazio guztia hemen kontsulta daiteke: www.bilbao.eus/concursoaresti eta www.bilbao.eus/arestilehiaketa webguneetan.

Aurrekoetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literaturaren arloko pertsona ospetsuek osatua.