BILBOROCK ARETOAK BERE PROGRAMAZIOA AURKEZTU DU, 42 EKIMEN ETA 5 PROGRAMA BERRI BARNE

Bilboko Udaleko Bilborock aretoak denboraldi honetarako programazioa aurkeztu du, eta asmoa da ekipamendu hori gazteentzako ekintzailetzarako gune izan dadila, musika- eta kultura-arloetan.

Proposamenak hainbat berrikuntza dakartza, hala nola Lokal Sessions programa, zeinak gazteen eta banden esku jartzen baitu entsegu-aretoak erabiliz kalitatezko bideo bat grabatzeko aukera; talderik finkatuenentzako gune bat ere izango da, Klasikoak izenekoa; beste bat Berriak izenekoa, artista urbanoentzat, eta Gazteshare ere bai, 18 urtetik 30era bitarteko gazteentzako formazio-programa, podcastak grabatzeko metodoak eta bideo-ekipo profesionalekin eta gailu mugikorrekin edukiak sortzen ikasteko.

Berrikuntza horiei gehitu behar zaizkie dagoeneko ohikoak bihurtu diren beste programa batzuk ere, hala nola Igandays, Freskure, DJ-en lehiaketa edo Gazte Egunak, besteak beste.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak nabarmendu duenez, “programa zabal eta askotariko bat da, beren-beregi artistentzako. Hainbat programaren bidez, jakintza gehitu ahalko dute, eta espazioa eta sinergiak partekatu interes antzekoak edo komunak dauzkaten beste pertsona batzuekin, eta beren lanak sustatu ere bai”. Errotetak hau gaineratu du: “Bilborock finkatu egin da urte hauetan, gazteen eta gazteentzako espazio moduan; orain, beste urrats bat egin nahi dugu, eta nahi dugu musikaren eta kulturaren arloetan ere ekintzaile izateko aukera emango dien gune bat izan dadila, gainera”.

2023KO BERRIKUNTZAK

2023rako, Bilborockek bost programa berritzaile eskainiko ditu, gazteen talentuaren balioa agerira ekartzeko:

 LOKAL SESSIONS

Bilboko Udalak guztiz dohainik eskaintzen die gazteei eta gazte taldeei Bilborocken entsegu-aretoetan kalitatezko musika-bideo bat grabatzeko aukera, beren lana Bilborocken areto profesionaletan eta sare sozialetan sustatzeko balia dezaten.

Gainera, programa horrek aukera emango die ekipamendu horretan garatzen diren programetako batean parte hartzeko (Bideo-Klippa!, Freskue, Igandays, Bideo-Klippa…). 9 bideo grabatuko dira, eta, ondoren, hilean behin, Bilborocken Bideo-Klippa! programarako erabilera askotarako aretoan proiektatuko dira.

Programa hori garatzeko, Udalak Soda Time kolektibo gaztearen elkarlana izango du.

• GAZTESHARE EGOITZA

Formazio-programa, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek podcast metodoei buruz eta bideogintza profesionaleko ekipoekin eta gailu mugikorrekin edukiak sortzeko tresnei buruz ikas dezaten.

Urtean 4 tailer egingo dira, 10 formazio-ordukoa bakoitza, eta parte hartzaileek laguntasuna/coachinga ere izango dute, beren edukiak sortu ahal izan ditzaten Bilborocken podcast-grabazioko aretoan.

Maiatzean, Bilborocken programatzen duten gazteentzako, sustatzaileentzako eta laguntzaileentzako topaketa bat izango da.

• BERRIAK

Musika urbanoko jaialdi bat da, tokiko hiri-artistak agerira ekartzeko asmoa duena.

Ekainaren 3an izango da.

• KLASIKOAK

Azaroaren 10eankontzertu berezi bat izango da, Bilborockekin harremana izan duten Euskadiko banda historikoen eskutik, eta banda berri bat ere izango da haiekin batera.

Sarreraren prezioa 12 eurokoa izango da aldez aurreko salmentan, eta 15 eurokoa leihatilan.

• POD-KAZTEA

Urteko azken hiruhilekoan, hilean behin, podcast bat grabatuko da entsegu-aretoetako batean, Bilborockeko programazioko edukiekin. Bilborocken programatzen duten gazteei elkarrizketak egingo zaizkie, haien proposamenak bistaratzeko eta Bilborock eta Bilbao Gazteko sare sozialetan ezagutarazteko.

FINKATUTAKO BESTE PROGRAMA BATZUK

• IGANDAYS

Bi hilik behin igandeetan 13:00etan gauzatuko den kontzertu-sail bat, martxoaren 19an Vulcanizadas taldearekin hasiko dena.

Ekimen hau Bilboko Udalak gazteen musikaren alde urian egiten duen apustua da, eta arreta berezia jartzen du emakumeek musika arloan duten presentzian.

Sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da aldez aurreko salmentan (entradium), eta 7 eurokoa leihatilan.

• FRESKURE – BILBAO FRESH MUSIKA!

2023an, Bilboko hainbat talde eta bakarlari berrik beren sorkuntzak eta lanak erakutsiko dituzte Bilborocken. Ekimen honen helburua da musikari amateurrei espazioak eskaintzea, euren obra erakutsi dezaten.

Kontzertuak dohainik izango dira, eta urtean 5 egingo dira, ostiraletan, 20:00etan.

Aurtengo kontzertuetan parte hartu gura duten talde edo bakarlariek euren proposamenak bidali ditzakete Bilborock-en helbidera (bilborock@bilbao.eus;), gaia adieraziz: FRESKURE. Izena emateko inprimakia: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/2021/09/13/freskure-bilbao-fresh-musika.

Informazio gehiago, Bilborock-en telefono-zenbakian (94 415 13 06), astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara bitartean.

• FEMME BILBAO

Solasaldi/kontzertu zikloa, hilean behingoa, emakume musikariekinon-line formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuz. Saio bakoitzean, emakumezko bi musikarik –beteranoa bata eta gaztea bestea– tertulia/kontzertu bat partekatuko dute, eta euren esperientzia pertsonalak azaldu eta zuzeneko kontzertua eskainiko dute. Bideoak Bilbao Gazteren eta Bilborocken Bilboko Udalaren sare sozialetan argitaratuko dira.

Martxoaren 8an, aurrez aurreko kontzertu bat izango da Bilborocken, programa honetatik igaro diren emakume artistetako batzuekin. Honako hauek parte hartuko dute solasaldian: Berta Vittersweet, La Basu, Laura Moruelos, Lua Madi, Amaiur Azkarate, kai Nakai, eta, kontzertuan: Sexpeares eta Moon Shakers.

Ekimen honen bidez, berdintasuna eta antzeko balioak sustatu nahi dira, eta emakumezko artista finkatuen, artista berrien eta gaurkotasun handiko bestelako emakumeen arteko topaketak bultzatu gura dira.

• IMAGINAUTAK

Bestalde, bi hilean behin, Bilborocken “Imaginautak” programaren saioak izango dira. Imaginautak kultur elkartearen programa honen bidez, artista gazteek elkarren proiektuen berri izango dute, era bateko eta besteko arlo artistikoetakoak (poesia, zinema, dantza, performancea, argazkilaritza, moda eta beste).

Streaming bidez emango da, Imaginautak taldearen plataformaren bitartez.

• DJ LEHIAKETA

Urtero egingo den lehiaketa bat da, eta xede nagusia du DJ gazteen sorkuntzen balioa nabarmentzea.

Sei (6) hautatuko dira, eta Bilborocken parte hartuko dute.

• GAZTE EGUNAK 

“Gazte Egunak” ekimenaren bidez, dohainik emango zaie 18 eta 30 urte bitarteko pertsona gazte eta kolektiboei jarduerak edo ekitaldiak antolatzeko aukera, hainbat arlotakoak, direla musika, arte eszenikoak, teknologia, diseinua, proiekzioak, topaketak edo solasaldiak.

Hilean behin, Bilborockek interesdunen eskura jarriko ditu askotariko erabileretarako bere aretoa, bere ekipoak eta langile teknikoak. Helburua da pertsona eta talde gazteei erabilera askotarako gela bat eskaintzea, beren jarduera eta ekitaldiak Bilborocken programa ditzaten.

“Gazte Egunak Bereziak” ere asmoen artean dago, baliabide nahikorik ez duten gazte eta banda gazteei laguntzeko baliabide teknikoak eskainiz eta erabilera askotarako aretoa dohainik lagaz. Tarifa hobaridunak ere izango dira 16 eta 25 urte bitarteko pertsona eta kolektibo gazteentzat.

Interesdunak harremanetan jar daitezke Bilborock-ekin: 94 415 13 06 (astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era) edo bilborock@bilbao.eus helbidean, gaian “Gazte Egunak programa” jarrita.

Nabarmendu beharrekoa da podcastak eta bideoa grabatzeko areto bat ireki dela, eta audioa eta bideoa grabatzeko baliabide teknikoak dituela, eta aukera ematen duela gazteek beren edukiak sortzeko behar duten formazioa har dezaten.

2022KO BALANTZEA

2022an zehar, 35.865 gazte igaro ziren Bilborocketik, eta haien artean % 66, hain zuzen, 16 eta 25 urte bitartekoak ziren. Guztira 555 ekitaldi/jarduera egin ziren, eta haien artean, 93, pertsona eta kolektibo taldeek antolatuak izan ziren.

Bilborock-ek, eskuarki, musika, antzerkia, zinema/bideoa, solasaldiak/hitzaldiak, ikastaroak/tailerrak, topaketak/jardunaldiak eta ikuskizunak antolatzen ditu.