BILBOK OMENALDIA EGINGO DIE AUZOETAKO ANDRAZKOEI MARTXOAREN 8KO “OROITZAPEN KOLEKTIBOAREN ZAINDARIAK” KANPAINAN

Emakumeen Nazioarteko Egunaren barruan, Bilboko Udalak egun horretarako diseinatutako komunikazio-kanpaina aurkeztu du gaur goizean. Aurten, Udalak bultzatutako ELLAS, Oroitzapenen atlasa” arte-proiektuan dago oinarrituta, Uretamendi, Ingurabidea eta Betolazako auzotarren memoriaren eta argazkien inguruan.

Udalak, “Oroitzapen Kolektiboaren Zaindariak – Guardianas de la Memoria Colectiva” kanpaina instituzional berri honekin, andrazkoek uriaren historian egin duten funtsezko ekarpena aldarrikatu eta agerian jartzen du. Zehazki, berrogeita hamarreko hamarkadan Bilbora estatuko beste leku batzuetatik (Gaztela eta Leon, Galizia edo Extremadura) iritsi ziren andrazkoetan oinarritzen da, familientzat “etorkizun hobe baten” bila.

Uretamendin, familia migratzaile askok bizitzeko aukeratu zuten auzo bilbotar batean, Juan Mari Aburto alkateak, Nekane Alonso Berdintasuneko zinegotziarekin eta auzo horietako bizilagunekin – ELLAS proiektuko protagonistak – Ainhoa Resanok egindako lanaren berri izan dute. Lan horrek 18 andrazko baino gehiagoren bizi-istorioak ikusgai jartzen ditu, familia-albumen eta haien argazki-artxibo pribatuen bidez, istorioak berreskuratu eta azaldu ahal izateko memoria-sare kolektibo bat eraikitzeko helburuarekin.

Andrazkoak memoriaren zaindariak izan dira hainbat hamarkadatan, eta proiektu honekin memoria hau hedatzea proposatzen dugu, gorde den eremu pribatua gainditzea eta plano gogoetatsu eta publikoan kokatzea, transmisiorako bide berriak irekitzeko asmoz”, azaldu du alkateak dendetako pertsianetan eta hiri-ekipamenduetan instalatutako formatu handiko argazkiak eta “Oroitzapenen Atlasa erakusketa bisitatu dituenean. Azken hori irekita eta ikusgai egongo da martxoaren 13ra arte Ingurabideko begiratokian.

Beren bizi-historia propioak eta bakarrak dituzten andrazkoak dira eta, hala ere, haien bizipenak eta ezaugarriak beren familiekin gure urira, lan bat bilatzeko eta bizi-proiektu berriak hutsetik abiarazi ahal izateko iritsi ziren gainerako emakume migratzaile guztienak dira”, nabarmendu du Aburtok aurkezpenean.

ELLAS, OROITZAPENEN ATLASA” PROIEKTUA URETAMENDIN, BETOLAZAN ETA INGURABIDEAN

2022ko irailetik aurrera, ELLAS proiektua Uretamendin, Betolazan eta Ingurabidean sartu da. Errekaldeko barrutiko hiru auzo dira, Arraiz mendiaren hegalean kokatuak eta 1950eko hamarkadatik “migrazio, borroka eta lan kolektiboko historia batek” markatuak, alkateak zehaztu duen moduan. Eta, gainera, gaineratu duenez, “Bilboko pertsona askorentzat auzo horiek leku ezezagunak izan daitezke, baina, zalantza barik, ezinbestekoak dira uriaren eraldaketaren, hazkundearen eta modernizazioaren historian”.

Hilabete hauetan, Bilbon jaiotako edo Extremaduratik, Galiziatik edo Gaztela eta Leondik etorritako 60 eta 92 urte bitarteko andrazkoekin egin dira topaketak. Andre horietako batzuk Uretamendi bete zuten txaboletan bizi izan ziren, eta pixkanaka auzo bilakatzen joango zenaren ernamuina sortu zuten; beste batzuk, berriz, inguruan bizi ziren familietatik zetozen, eta beste batzuk pisuen blokeak eta errepideak eraikita zeudenean iritsi ziren. Guztiak izan ziren industriako langileak, garbitzaileak edo saltokietako arduradunak, etxe barruan eta kanpoan lan egin zuten.

Andre horiek beren familia-albumak ireki dituzte argazki bati eta besteari lotutako oroitzapenak kontatzeko eta Bilboko gainerako herritarrekin partekatzeko. Topaketa horietan andre bakoitzaren artxiboa bildu da, ahots-grabazioak egin dira eta gero eskaneatu diren argazkiak hautatu dira.

INSTALAZIO ARTISTIKOAK

Gaurtik aurrera, dendetako pertsianetan eta hiri-ekipamenduan jarritako formatu handiko argazkiak ikusi ahal izango dira. Andrazkoen etxeko albumen argazkiak kalera atera dira eta auzoko espazio publikoa hartu dute.

Beste alde batetik, “Oroitzapenen Atlas”aren aldi baterako erakusketa bisita daiteke Uretamendin. Ingurabideko begiratokia dago bertan, eta andrazkoen argazki- eta ahozko artxiboan oinarritutako pieza artistiko bat dago. Erakusketa kristalezko edukiontzi batean dago. Oroitzapenen Atlas hau etxeko argazkigintzaren inguruko ikerketatik sortu da, historikoki andrazkoak izan baitira familia-albumak egiteko, berrikusteko eta kontatzeko arduradunak.

Gainera, erakusketa irekita egongo den aste bietan, andreek beren etxeko albumen argazkiak ekarri nahi badituzte proiektura, in situ egin ahal izango dute: argazki-eskaner bat instalatuko da, “ELLAS, Oroitzapenen Atlasa” proiektuan parte hartu nahi duten pertsonen artxiboa jaso ahal izateko, eta hori guztia proiektua garatuko den hilabeteetan eraikitako memoria komunari gehituko zaio.

Azkenik, egunkari bat argitaratuko da Uretamendin, Ingurabidean eta Betolazan egindako prozesua jasotzeko eta zabaltzeko. Argitalpen hori proiektua ixteko banatuko da, doan.

ELLAS proiektua Goiko Auzoen testuinguruan sortu zen (Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala), eta han garatu da ikerketarik zabalena 5 urtez, eta, azkenean, fotoliburu bat sortu da, soinu-album kolektibo modura.

MARTXOAREN 8RAKO KANPAINA INSTITUZIONALA

Bilboko Udala Oroitzapen Kolektiboaren Zaindarien kanpainaren protagonista diren Uretamendi, Ingurabide eta Betolazako andrazkoen argazkien irudia zabaltzen hasi da, euskarri fisiko eta hiri-altzari desberdinetan, formatu digitalean www.bilbao.eus Udalaren webgunean, komunikabideetan eta Udalak sare sozialetan dauzkan kontuetan.

EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNAREN ADIERAZPENA

Urtero bezala, martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Egunerako Adierazpena irakurriko da Udaletxean. Juan Mari Aburto alkatea izango da buru ekitaldi instituzionalean, eta berarekin batera izango dira Berdintasun Saileko zinegotzia eta udal korporazioaren ordezkaritza.

Bilboko Udalak genero-berdintasuna sustatzeko daraman politika bi proiektu estrategikoren barruan kokatzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030eko Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH).