Bilboko Udalak eraso sexisten aurkako sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpaina berria zabaldu du, “BAKARRIK BAI DA BAI” leloarekin. Kanpaina hori 2023ko Aste Nagusirako diseinatu da (abuztuaren 19tik 27ra).
Horrela, Bilbok, atzera ere, sexu-erasoen eta edozein motatako indarkeria matxistaren eta LGTBIQ+fobikoaren aurkako jarrera irmoa agertzen du. Aurtengo leloak, zeina iaz ere erabili baikenuen, islatzen du adostasuna funtsezkoa dela harreman afektiboetan. Horrelako ekimenekin Bilboko Udalak zenbait helburu ditu: gizonei eta emakumeei hausnartu araztea; emakumeen ahalduntzea lortzea; gizonen, eta, oro har, gizarte osoaren erantzukizuna eskatzea…
Adostasunaren garrantziaz eta jaietan ere eraso sexistak arbuiatzearen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina hori Udalaren sare sozialetan, www.bilbao.eus webgunean eta uriko plaza eta kaleetako publizitate-euskarrietan ikusi ahal izango da.
Irudiaren diseinuari dagokionez, protagonista Marijaia da, errespetuzko eta berdintasunezko jaien defendatzaile handiena; besoak altxatuta, eskuekin egiten duen keinuaren bidez edozein indarkeria-motaren aurka dagoela erakutsiz. Gainera, “BAKARRIK BAI DA BAI” leloa irakur daiteke, erdigunean kokatuta, eta dagoeneko herritarren artean zabalduta dagoen mezu honekin batera “EZ BETI DA EZ”.
Bizkaiko hiriburuko Udalak jaiak hasi aurreko egunetan aurkeztuko ditu kanpainaren eduki osoa, Bilboko Konpartsen, entitateen eta Udalaren artean adostutako protokoloa, eta halaber, zer udal baliabide eskainiko diren, Aste Nagusian inork eraso sexistaren bat jasanez gero.