Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek, New Yorkeko Guggenheim Museoan esperientzia profesional bat biziko duten Euskal Herriko lau gazterentzako beken programaren hamargarren edizioa deitu dute. Aurtengo edizioa urria eta abendua bitartean egingo da. Izena emateko epea apirilaren 22an amaituko da eta hautatutako gazteek 4.000 dolarreko dirulaguntza izango dute.
Beken programak esperientzia profesionala eskaintzen du New Yorkeko Guggenheim Museoko hainbat sailetan, artearen eta museoen arloan. Euskal Herrian jaio eta/edo bizi diren azken mailako edo graduondoko ikasleei eta lizentziatu berriei zuzenduta dago. Edizio honetako praktikak modu presentzialean egingo dira, eta hauek dira eskuragarri dauden arloak: komisoriala, erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa eta garapena.