BILBOKO UDALAK I BILBAO GAZTE STEAM EGUNA ANTOLATU DU LA PERRERAN BARIKU HONETARAKO (MARTXOAK 14)

  • Tailerrak, demoak, stand teknologikoak edo ikasleek defendatutako proiektuen aurkezpenak dira lehenbiziko STEAM udal-azoka honen jardueretako batzuk. Azokaren helburua gazteei teknologia berriek eskaintzen dizkieten aukerak hurbiltzea da, bai prestakuntza- aukeretarako, bai aisialdirako.
  • Unibertsitateek, lanbide-heziketako zentroek eta sektoreko enpresek parte hartuko dute, bai eta teknologia-arloko hainbat lehiaketatan (hala nola First Lego League, Green Power edo World Robot Olympiad) parte hartzen duten Bilbao Gazteko taldeen ordezkaritza zabal batek ere.
  • Jardunaldian, La Cuadri del Hospi-ri R2-KT robotaren erreplika funtzional bat emango zaio, teknologo gazteek La Perrerako Maker Gunean egina.
  • Ekimena bat dator BILBAO GAZTE STEAM udal estrategiarekin, zeinak hezkuntza ez-formaletik tokiko talentua bultzatu nahi baitu genero- ikuspegia eta gizarte-ekitatea kontuan izanik.


Itxaso Erroteta
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Idoia Uriarte Gazteriako zuzendariak I. Bilbao Gazte STEAM Eguna aurkeztu dute gaur goizean. STEAM hezkuntza-eskaintza duten unibertsitateen eta lanbide-heziketako zentroen standak, sektoreko enpresak, tailer-programazio zabal bat, First Lego League, Green Power eta World Robot Olympiad lehiaketetan parte hartzen duten Bilbao Gazte taldeen erakustaldiak, stand teknologikoen azoka edo proiektuen aurkezpenak dira lehenbiziko STEAM udal-azokako jarduera nagusietako batzuk. Martxoaren 14an egingo da, ostirala, La Perreran (Sabino Arana, 50), goizez eta arratsaldez, 09:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era.

Itxaso Errotetak adierazi duenez, “azken bi urteotan Bilbo talentuzko hiri bihurtzeko egin dugun lana herritar guztiekin partekatu nahi dugu, batez ere gazteekin eta familiekin. Denbora honetan, neska-mutil guztiek zientzia eta teknologia eskuratu ahal izateko programak eta ekipamenduak jarri ditugu abian, gizarte- eta genero-ekitatearen irizpideekin”.

Errotetak esan du gizarteak aurre egin behar dion trantsizio teknologiko-digitalak industria-sektore guztiei eragingo diela, eta haietako batzuk batzuk funtsezkoak direla Euskadiko errealitate ekonomikoan. Gaur egun, profil digitalak dituzten 1.100 profesional inguru behar ditu Bizkaiko industriak. Euskal Autonomia Erkidegoaren buruan dago Bizkaia eskaera horretan; EAE, hain zuzen ere, mota horretako profesional gehien behar dituen Estatuko bosgarren autonomia-erkidegoa da. Horregatik, Bilboko Udalak ez dio bakarrik talentuaren erakarpenari eta atxikipenari begiratzen, baizik eta harrobiari, tokiko talentuaren sorrerari.

Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiako Euskal Planak helburu gisa planteatzen du 2030erako graduko titulazioen % 35 STEAM ingurukoak izatea, eta ahalegin berezia egiten du neskak motibatzeko (gaur egun, unibertsitate-graduko STEAM matrikulazioen % 19 eta Lanbide Heziketako graduen % 16 dira).

BILBOKO UDALAREN BILBAO GAZTE STEAM ESTRATEGIA

Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak “helburu hori babestu nahi du, hezkuntza ez-formaletik tokiko talentua eta bokazio teknologikoak sortzen lagunduz. Gure gazteei zientzia eta teknologia eskuratzeko aukera emango diegu horrela, BILBAO GAZTE STEAM estrategiatik bultzatzen ditugun programetan eta STEAM Guneetan parte hartuz“, nabarmendu du Itxaso Erroteta zinegotziak.

Azken bi urteetan, Bilboko Udalak 3 STEAM Guneak (La Perrera, Ramoni eta Esperantza) jarri ditu martxan, adimen artifizialeko eta robotikoko laborategia La Perreran, eta STEAM programazioa barruti guztietako kidegune eta gazteguneetan.

Bilbao Gazte markaren pean, STEAM lehiaketetan parte hartzen ari dira 13 talde First Lego League-n, 3 talde Green Power-en eta talde bat World Robot Olympiad-en, hau da, 9 eta 16 urte bitarteko 160 neska-mutil inguru garapen teknologikoko proiektuetan parte hartzen. Era berean, eta STEAM heziketak Bilboko gazteen artean eskaintzen dituen aukerak zabaltzen jarraitzeko, Udala EHUko Hezkuntza Fakultatearekin ari da lanean Gelatik STEAM Guneraproiektuan, maker-heziketan eta STEAM metodologian oinarritutako hezkuntza-proposamenak diseinatu, garatu eta ekoizteko udalaren STEAM guneetako 360ºko hezkuntza-testuinguruetan. Proposamen horiek hainbat adinetara, interes-arlotara eta ikastetxeen programazio-beharretara egokituta daude.

Horiek horrela, I. Bilbao Gazte STEAM Egunaren helburua da programazio hori ezagutaraztea, gazte gehiagok parte har dezaten bultzatzea, eta hori posible egin duen lankidetza-ekosistemak egindako ahalegina aitortzea. Ekosistema horretan, entitate publiko eta pribatuak, familiak eta, batez ere, teknologo bilbotar gazteak ari dira parte hartzen.

Goizeko saioan, Konekta aretoan, unibertsitateko eta lanbide heziketako hainbat ikastetxek STEAM heziketa-eskaintzari buruzko informazioa emango diete parte-hartzaileei, eta ikasle gazteek zenbait arlotako ikerketa-proiektuak aurkeztuko dituzte (jasangarritasuna, gizarte-berrikuntza, diseinua eta abar). Era berean, IA & Robotics La Perrera laborategian egindako lana azalduko da. Bertan, hainbat ikasle euren gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak egiten ari dira joan den ikasturteaz geroztik, adimen artifizialaren eta robotikaren esparruan, udal ekipo eta profesionalen laguntzarekin.

ROBOT BAT MINBIZIAREKIN OSPITALERATUTA DAUDEN HAURRENTZAT

Goizean, halaber, R2-KT robotaren erreplika funtzional bat emango zaio La Cuadri del Hospi-ri, La Perrerako STEAM Guneko maker komunitateko gazteek fabrikatutakoa. The Pink Force Faktory STEAM ekimen solidario bat da, nazioartekoa, Pink Force Fundazioak sustatua.

Ekimen honen bidez, ikasle eta maker gazteek, Fundazioak eskaintzen dituen 3Dko diseinu, kode eta artxiboetan oinarrituta, R2-KT unitateak eraikitzen dituzte, minbizia dutelako ospitalean dauden haurreentzat, prozesu honetan zehar lagunduta senti daitezen. La Perrerako neska-mutilek R2-KT unitate gehiago fabrikatzen jarraitzeko asmoa dute, gaixo dauden haur gehiagorengana iristeko.

Arratsaldeko jardunaldian, Lego League-n parte hartzen duten taldeek –modalitate desberdinetako 3 sariren irabazleak– euren lanen erakustaldi bat egingo dute bertaratzen den publikoaren eta familien aurrean. Egun osoan zehar, La Perrerako eta plazako hainbat gunetan, tailerrak, erakustaldiak eta drone soccer-en lehiaketak egingo dira, eta martxoaren 15ean San Mames aurreko zabalgunean egingo den Green Power lasterketan parte hartuko duten autoen garapen teknikoa ikusteko aukera izango da.

JARDUNALDIAREN PROGRAMAZIOA

STANDS AZOKA:

Konekta Gela Eskuina/Ezkerra/Coworkinga/Bilera-gela (09:30-14:00). Bilbon STEAM lanbideek duten etorkizuna aztertuko da. Unibertsitateek, lanbide-heziketako ikastetxeek, eskola teknologikoek, klusterrek eta enpresek beren hezkuntza-eskaintza eta berrikuntza-proiektuak erakusteko espazioak. Parte-hartzaileak, besteak beste, honako hauek izango dira: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea, Urduliz 42, Digipen, Kuntsal…

IA Laborategia Standa The Pink Force fundazioa https://www.thepinkforce.org/ (09:30-14:00). Fundazio hori stand batekin egongo da jardunaldian, eta stand horren bidez, beren ekimena partekatuko dute eta R2-KT robota erakutsiko dute. Robot horren erreplikak egingo dituzte gazteek, 30 zentimetrokoak, gaixorik dauden haurrei emateko. Jarduera interesgarria izango da ikastetxeentzat ere, atxiki ahal izango baitira. La Perreran, talde bat egongo da robot bat eraikitzen, eta 18:30 aldera entregatuko diote Cuadri del Hospiri (Konekta aretoa)

STEAM PROIEKTUEN PITCHINGA (Konekta aretoa)

Ikasleek eta gazteek 10 STEAM proiektu aurkeztea pitching formatuan, 11:00etatik 13:00ak arte. Proiektuak 2022-2025 bitartean garatu dira arlo hauei buruz: jasangarritasuna, teknologia, berrikuntza soziala, diseinua, sorkuntza, moda, zientzia eta abar.

STEAM DEMOAK

Aldi berean egingo dira, La Perrerako hainbat espaziotan, esperientzia teknologikoak eta zientifikoak, erakustaldiak eta tailerrak. Jarduerak Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak Udalaren STEAM Guneetan eskainitako jardueren erakusgarri dira.

09:30etik 14:00era arte:

MAKERGUNEA

  • Drone-silulagailua: drone bat hegaldi-simulagailu baten bidez kontrolatzea, aginteekin eta pilotaje-teknikekin ohitzeko.
  • 3D inprimaketa: 3D inprimaketa-teknologiei eta birziklatze-prozesuei buruzko azalpena emango da eta denbora errealean erakutsiko da zelan sortu objektuak.
  • First Lego League

IA & ROBOTICS

  • Adimen artifizialeko eta robotikoko laborategia aurkeztuko da, egungo jarduerak eta etorkizuneko planak erakusteko.
  • Lau hankako robota: lau hankako Unitree G02 robotaren gaitasunak erakutsiko dira aurrez programatutako koreografiekin.

PERRERA PLAZA

  • Drone Soccer: Hego Koreako teknokirol-diziplina berria. 3 jokalariko talde bi, aurrez aurre. Helburua da futbol-baloi itxurako dronea kontrako atean sartzea.

18:00etatik 20:00era arte

KONEKTA ARETOA

  • First Lego League: otsailaren 22ko lehiaketan parte hartu zuten taldeek eraikitako roboten erakusketa. Talde bakoitzak bere Lego proiektua erakutsiko du, eta, aldi berean, Konekta aretoaren erdiko pantailan emango da.
  • Aurreikusita dago robota Cuadri del Hospiri entregatzea 18:30etik 18:50era bitartean.

PERRERA PLAZA

  • La Perrera plazako Green Power, Bilboko taldeen auto elektrikoekin. Martxoaren 15ean, San Mameseko txapelketaren aurreko mantentze-lanak eta probak egingo dituzte.
  • Drone Soccer: Hego Koreako teknokirol-diziplina berria. 3 jokalariko talde bi, aurrez aurre. Helburua da futbol-baloi itxurako dronea kontrako atean sartzea.

MAKERGUNEA

  • Drone-silulagailua: drone bat hegaldi-simulagailu baten bidez kontrolatzea, aginteekin eta pilotaje-teknikekin ohitzeko.
  • 3D inprimaketa: 3D inprimaketa-teknologiei eta birziklatze-prozesuei buruzko azalpena eta erakustaldia, objektuak zelan sortu denbora errealean ikustekoa.
  • First Lego League.

IA & ROBOTICS

  • Adimen artifizialeko eta robotikako laborategiaren aurkezpena, egungo jarduerak eta etorkizuneko planak erakusteko.
  • Lau hankako robota: lau hankako Unitree G02 robotaren gaitasunak erakutsiko dira aurrez programatutako koreografiekin.

Goizez zein arratsaldez, 09:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, STEAM TAILERRAK egingo dira:

  • Beso robotikoa: kuboak biltzeko eta pilatzeko mugimenduak programatzea, hiru Dobot Magician beso robotiko erabilita.
  • Musika-ekoizpen digitala: musika-ekoizpenaren munduan murgiltzea, tresna digitalak eta konposizio-softwareak erabiliz.
  • Paperontzi adimenduna Arduinoren bidez: paperontzi adimendun baten maketa eraikitzea; ultrasoinuen sentsorea eta ukipenik gabeko irekitze automatikorako mekanismoa izango dituena.

    Informazio zehatza Bilbao Gazte udal-webgunean.

    SARE SOZIALAK

    BILBOKO UDALA: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM

    BILBAO GAZTE: YOUTUBE | FACEBOOK | X | INSTAGRAM