Bilboko Udalak aukera berri bat jarri du martxan Bilboko gazteentzat, “Green Kaleak: aisialdi jasangarria” ekimenaren bidez, “Konekta Ideiak” programaren barruan. Oraingo honetan, Global Shapers Bilbao da komisarioa, eta Bilboko Gazte Panelak asmatutako ekimena da.
Ekimen honek Bilboko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa bat proposatzen du, aisialdiak hiriko auzoetan duen eraginari buruz hausnartzeko eta jarduteko. Esperientzia teoriko eta praktiko bat eskaintzen du hurbileko erreferenteekin, non parte-hartzaileek zenbait gairi heldu ahal izango dieten: turistifikazioa, kontsumo azkarra, gentrifikazioa eta jasangarriak ez diren aisialdi-praktikak. Helburua aisia-modu berri arduratsuagoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak aktibatzea da, lankidetza-prozesu baten bidez kontzientzia kritikoa bultzatzeko, sare komunitarioak indartzeko eta hiri-ingurunea hobetzeko. Espazio horretan, gazteek modu kritikoan aztertu ahal izango dute beren testuingurua, eta pentsamendua eta ekintza lotuko dituzten aukera sortzaileak proposatu ahal izango dituzte, Bilboko bizitza kultural eta soziala eraldatzeko.
Programa La Perreran garatuko da, eta urriaren 7an hasiko da, 17:00etan, OPENING batekin. Programak jasangarritasunaren eremuko hainbat erakunde, elkarte eta gazteren ikuspegiak azalduko ditu. Bilboko Gazte Paneleko, Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko, Equipo Europako, Sare Berdeak-eko eta Fridays For Future-ko ordezkariek parte hartuko dute. Bilboko aisialdi jasangarriari buruzko eztabaidak, hausnarketak eta galdera berriak jarriko dira mahai gainean, gizartean eta ingurumenean eragina duten ekimenak bultzatzeko. Gainera, “Buena Vida” tailerra emango du Global Shapers Bilbao-k, aisialdiko eredu jasangarriagoen eraikuntzan gazteen ikuspegia indartzeko. Ondoren, urrian eta azaroan, tailer hauek egingo dira:
- “Aisialdi inklusibo eta irisgarria” tailerra. Gizarte-erantzukizunaren eta jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak ezagutzeko eta oztoporik gabeko jarduerak nola diseinatu jakiteko, pertsona guztientzako aisia eskuragarria bermatuz. Parte-hartzaileak: Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako Saila, Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatea, eta Naia González, mugikortasun murriztua duten pertsonen eskubideen eta irisgarritasunaren aldeko ekintzailea. Urriaren 14an, 17:00etan.
- “Ingurumen-jasangarritasuna aisialdian” tailerra. Ekitaldi eta espazio publikoetan ingurumen-inpaktua nola murriztu jakitea du helburu, ekonomia zirkularreko estrategiekin, hondakinen kudeaketarekin eta metodologia jasangarriekin. Parte-hartzaileak: Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saila, IHOBE, Sare Berdeak eta Laukariz Ekosistema. Azaroaren 12an, 17:00etan.
- “Komunikazio eta branding jasangarriak” tailerra. Komunikazio eraginkorreko estrategiak eta branding inpaktuduna erabiliz, elkarte baten ikusgarritasuna indartuko duten teknikak ikasteko. Parte-hartzaileak: Turiskopio, EGK (Euskadiko Gazteriaren Kontseilua) eta Comunidad B Norte. Azaroaren 18an, 17:00etan.
Azkenik, deialdi irekia egingo da eremu horietan lan egiten duten proiektuetarako. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 7tik azaroaren 24ra bitartekoa izango da. Epaimahaiak proiektu bi aukeratuko ditu aurkeztutakoen artean.Hala ere, bi baino gehiago hautatzeko aukera aurreikusten da, baldin eta haien aurrekontuen baturak ez badu gainditzen hautatutako proiektu horietarako aurreikusitako poltsa ekonomikoa. Irabazten duten ekimenek Global Shapers Bilbaoren banakako laguntza izango dute 6 hilabetez, eta hark mentoringa, erreferentziak eta sektoreko profesionalekiko harremana eskainiko dizkie. Gainera, Bilboko Udalak 3.000 euro –gehienez ere– bideratuko ditu proiektu bakoitzeko (2 proiektu hautatuz gero) ekimena garatzeko, jardueretarako eta materialetarako, besteak beste. Jarduera guztietarako eta proiektuen deialdirako izen-emateak Bilbao Gazteren webgunearen bidez egin ahal izango dira.
Informazio guztia hemen dago eskuragarri: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/greenkaleak/