Bilboko Udalak adi jarraitzen du familia-etxetik emantzipatu nahi arren hori gauzatzeko behar diren baliabideak ez dituzten gazteen eskariekin, eta beste aurrerapauso bat eman du “Bilbao Gazte Partekatzen“-ekin.
Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak eta Etxebizitza Sailak abian jarritako udal-ekimenak aukera ematen die Bilbon erroldatuta egonik 22 eta 29 urte artean dituzten eta orain arte familiaren etxean bizi izan diren gazteei lehenbiziko emantzipazio-esperientzia aurreratzeko. “Bilbao Gazte Partekatzen” egitasmoaren bidez, 9 gaztek Otxarkoaga auzoko udal-etxebizitza bat partekatuko dute, gehienez ere 3 urtez. Hilean 55 euroko alokairua ordainduko dute, gehi gastu komunetarako ekarpena eta komunitatearen aldeko 4 lanordu.
Programak logela errentatzeko kontratu bat eskaintzen du (etxebizitza alokatzeko kontratutik ezberdina), urtebeteko iraupenekoa, epe berdinetan luza daitekeena, gehienez ere 3 urteko iraupenarekin. Kontraprestazio gisa, adjudikaziodunek konpromisoa hartzen dute hilean 55 euro ordaintzeko (argi-, ur- eta gas-gastuak ez daude prezio horretan sartuta) eta komunitate-zerbitzuak emateko, astean gutxienez 4 orduko dedikazioarekin, Udal Etxebizitzak-ek eta Gazteria eta Kirol Sailak zuzentzen dituzten proiektuen testuinguruan.
Yolanda Díez Bilboko Udaleko Etxebizitza Saileko zinegotziak adierazi duenez, programa honekin “Bilboko gazteen autonomiari benetako ate bat irekitzen diogu. Kontua ez da bizitzeko toki bat ematea soilik, baizik eta emantzipazio-esperientzia bat eskaintzea, balioekin, auzoa eta auzotarrak indartuko dituena”. Gaineratu duenez, “gazteen emantzipazioa lehentasun bat eta hiri-politika bat da” berak zuzentzen duen sailarentzat.
Bestalde, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak azpimarratu duenez, “gazteen emantzipazioaren kultura bultzatzen jarraitzea lehentasun bat da Udalarentzat, eta euren bizitzan hain garrantzitsua den une honetan hazten jarraitzeko tresnak eskaintzen dizkiegu”.
Udal Etxebizitzak-ek 4 etxebizitza jarri ditu “Bilbao Gazte Partekatzen“en esku. Otxarkoaga auzoko Irumineta, Txotena eta Larratundu kaleetan daude, eta bi edo hiru gaztek partekatuko dute bakoitza. Sukaldea eta oinarrizko altzariak dituzte.
Programan Tendel-ek parte hartuko du, Udal Etxebizitzak-en eta Gazteria eta Kirol Sailaren kolaboratzailea baita Otxarkoaga auzoko programa komunitarioetan.
Eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte, besteak beste:
- 22 eta 29 urte bitartean izatea.
- Inor ez izatea bere ardurapean.
- Etxebiden eskatzaile gisa inskribatuta egotea, alokairurako, Udal Etxebizitzak-ek oinarriak argitaratzen diren egunean jasotako azken fitxategiko eskatzaileen zerrendaren arabera.
- Bilbon bizitzea, familiaren etxebizitzan, gutxienez 6 hilabete lehenago eta jarraian.
- Etxebizitzarik ez edukitzea jabetzan, gozamenean edo errentan.
- Eskaera-egunean, urtean gutxienez 16.520 eta gehienez 21.000 euro gordineko diru-sarrerak frogatzea.
- “Emantzipaziorako Ibilbide Pertsonala” egitea, GAZ Bilbao zerbitzuarekin lankidetzan diseinatuko dena. GAZ Bilbaok ibilbide horren garapen egokia gainbegiratuko du.
Eskabideak egiteko, inprimaki bat bete beharko da udalaren web-orrian, azaroaren 7tik abenduaren 9ra bitartean. Deialdiaren oinarriak orrialde honetan bertan argitaratuko dira, baita Bilbao Gaztearenean ere. Zalantzak La Perreran dagoen GAZ Bilbao zerbitzuan kontsultatu ahal izango dira (gazbilbao@bilbao.eus, 944 025 40 eta 747 451 437).
Plazak zozketa bidez esleituko dira Gazteria eta Kirol Sailak jasotako eskabideen artean.

