Bilboko Udalak Bilbao Balioen Hiria Sarien VIII. ediziorako proposamenak aurkezteko epea ireki du martxoaren 20ra arte.
Bilbao, Balioen Hiria – Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa
Berritasun gisa, edizio honetan, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako “Bilbao, Balioen Hiria – Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioa” sarien deialdian parte hartzen du Bilboko Udalak. Ekimen bateratu horren helburua da gazteek Giza Eskubideekin, justizia sozialarekin eta Bilboko Udalaren Balioen Agirian jasotako balioekin duten konpromisoa sustatzea, ikusaraztea eta aitortzea.
Deialdi honen bitartez, giza eskubideen defentsa aktiboan oinarritutako ikus-entzunezko lan bat sarituko da; Bilbon girotutako kontakizun edo istorio orokor bat izan daiteke, edo Bilbon giza eskubideen arloan erreferentea den pertsona edo kolektibo bat. Aurkeztutako ikus-entzunezko narratibak Bilboko Udalaren Balioen Agirian eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako balioetan inspiratu eta haiekin bat etorri beharko du. Era berean, Robert F. Kennedyren ondarea jaso eta ikusarazi behar du, eta balioa eman behar die eskubide zibilen defentsa aktiboari, aukera-berdintasunari, justiziari, giza duintasunari eta herritarrek gizarte zuzen eta demokratikoagoen eraikuntzan duten inplikazioari.
Bi sari emango dira, bata 14 eta 17 urte bitarteko tarterako eta bestea 18 eta 30 urte bitarteko tarterako. Norbanakoen hautagaitzak nahiz taldeenak (gehienez 5 kidekoak) onartuko dira. Hautagaitzak aurkezteko epea bihar, otsailak 17, irekiko da, martxoaren 20ra arte. Fundazioak emango duen tailer batean parte hartzea eta bidaia bat egitea izango da saria.
Sariketa honetan parte hartzeko, Robert F. Kennedy Human Rights Spain Fundazioaren web-orriaren bidez aurkeztu beharko dira eskabideak (www.rfkspain.org).
Oinarriak ikusi ahal dituzu hemen.

Bilbao Balioen Hiria Sariak
Deialdiaren xedea da Bilboren Balioen Agirian jasotako balioak sustatzen dituzten eta auzo, barruti edo hiri mailan gauzatu diren edo gauzatzen ari diren ekimenen aintzatespen publikoa egitea.
Sarietara aurkez daitezkeen erakundeak honako hauek dira: irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateak; Bilboko ikastetxeak; sektore pribatuko enpresak, komertzioak, ostalaritzako establezimenduak, elkargo profesionalak edo antzeko beste batzuk; eta unibertsitateak. Erakunde bakoitzak gehienez 3 proiektu aurkeztu ahal izango ditu. Hautagaitzak Udalaren Erregistro Orokorraren bitartez aurkeztu beharko dira, egoitza elektronikoaren bidez nahiz aurrez aurre.
Baldintza nagusia da proiektu guztiek Bilboren Balioen Agiriak jasotzen dituen 17 balioetako batekin edo batzuekin lotuta egon behar dutela. Are gehiago, sariketara aurkezteko, erakunde eskatzaileak Bilboren Balioen Agiriari atxikita egon beharko du. Behar diren dokumentuak aurkeztea errazagoa izan dadin, eskabide-eredu bat prestatu dugu (www.bilbao.eus webgunean eta Bilbao Balioen Hiria-ren webgunean dago).
Epaimahaiak bereziki baloratuko ditu genero-ikuspegia, belaunaldiartekotasuna, jasangarritasuna eta gizarte-kohesioa barne hartzen dituzten proiektuak, bai eta helburu berritzailea dutenak eta hiriko gizarte-sarea indartzeko ekarpena egiten dutenak ere.
Hiru sari emango dira, bakoitza 3.300 eurokoa. Entitate batek ezin du jaso sari bat baino gehiago. Ebazpena 2026ko lehen seihilekoan jakinaraziko zaie parte hartzen duten entitateei, eta sariak ekitaldi publiko batean banatuko dira.
Ikusi oinarriak hemen.

