“IK(h)ASI”, Bilboko Gazte Panelak bultzatutako Lankidetza Azoka pilotua, izango dugu La Perreran Martxoaren 12an

Datorren martxoaren 12an, 10:30-13:30, La Perreran (Sabino Arana, 50), Bilboko Gazte Paneleko taldeetako batek IK(h)ASI ospatuko du, 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako Azoka pilotua. Bere helburua hainbat dinamika parte-hartzaileren bidez garapenerako lankidetza haiengana hurbiltzea da. Bestalde, taldeak erronka globalei buruzko informazioa eman, sentsibilizatu eta begirada kritikoa sustatu nahi du gazteengan, beraiek bete dezaketen papera ezagutu dezaten.

Gainera, pilotu hau diseinatu eta gauzatuko duten gazteak Bilbon lan egiten duten gazte-elkarte eta -mugimenduetako kideak dira (Equipo Europa Euskadi, Global Shapers Bilbao, Proactive Future eta Fridays For Future), eta aurten Bilboko Gazte Panelaren hirugarren edizioan parte hartu dute. Azken programa hori Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailak sustatutako partaidetza-gunea da, udal-funtzionamendua eta -ekintza ezagutzeko, Bilboko gazteen interesak eta kezkak identifikatzeko eta Bilbao Hiri Gaztea 2022/25 Tokiko Agendaren esparruan ekintza berriak aktibatzeko diseinatua.

IK(h)ASIn arlo honetan ibilbide luzea duten 6 erakunde eta elkartek hartuko dute parte, eta beraien proiektuak partekatuko dituzte stand formatuan: ALBOAN, Nazioarteko Elkartasuna, ADECO, ACPP, Gazte Aukera – Juventud Vasca Cooperante eta Ingeniería Sin Fronteras (ISF). Bertaratzen  diren gazteek erakunde horien proiektu eta erronka ezberdinak ezagutu ahal izango dituzte, bai eta gazte bezala nola parte hartu dezaketen (boluntariotza edo beste parte-hartze aukera desberdinen bidez). Gainera, ekimenak Bilboko Udaleko Lankidetza Arloaren laguntza ere izan du.

Azoka pilotuan “testigantzen” dinamika ere egongo da. Bertan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren onuradun diren edo ADECO eta ISF bezalako erakundeetako boluntarioek beren esperientzia partekatuko dute hurbileko formatuan, bertaratutako gazteekin elkarrizketa, galderak eta zuzeneko trukea sustatzeko asmoz.

IK(h)ASI Azoka pilotura, 13:30etik 13:30era, garapenerako lankidetzaren arloko proiektu, esperientzia zein erakundeak ezagutu nahi dituen edozein gazte bertaratu daiteke.