BILBOKO UDALAK “KSIAK+AA” IKUS-ENTZUNEZKO BI ERAKUSKETA INAUGURATUKO DITU GAUR LA PERRERAN

“Vigilantes de La Perrera” eta “¿Nǐ chī le ma/has comido ya?” proiektuak dira  Konekta Ideiak “KSIak+AA” udal programan hautatutakoak.

Bilboko Udalak “Vigilantes de la Perrera” eta “¿Nǐ Chī Le Ma/HAS COMIDO YA?” ikus-entzunezko erakusketak inauguratuko ditu gaur, arratsaldeko 19:00etan, La Perreran. Konekta Ideiak programaren esparruan hautatutako proiektuak dira, 2030 Agendaren helburuen inguruan herritarren berrikuntzako eta gizarte-ekintzailetzako laborategi gisa jarduten duena. 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago.

Erakusketa hauek aukera ematen dute artista hasiberri biren lana ezagutzeko: María Gracia Cebrecos Loayza eta Xingyi Lin Chen. Artista horiek sorkuntza- eta ikerketa-prozesu bat garatu dute memoriari  ikusgarritasuna ematen eta ikusezina dena balioesten laguntzen duten gaien inguruan.  Bi kasuetan, adimen artifizialaren erabilera zeharkako baliabide gisa planteatzen da, betiere mezu artistikoaren zerbitzura.

Xingyi Lin Chen-ek, artista eta komunikatzaile bisuala den aldetik, ¿Nǐ Chī Le Ma/¿Has comido ya? proposamena aurkeztu du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko diaspora txinatarraren memoria kolektiboa aztertzen du, ikuspegi intimo eta afektibo batetik.  Lan hau artxibo emozional bat da, Bizkaian bizi diren Txinako belaunaldi desberdinak lotzen dituena: 90eko hamarkadan emigratu zutenak zein bi kulturen artean hazi diren gazteak, baita adoptatuak ere, beren ondare kulturala hainbat modutan bizi dutenak.

María Gracia Cebrecos Loayza artistak eta arkitektoak “Vigilantes de la Perrera” aurkeztu du, gaur egun La Perrera (Sabino Arana 50-Basurtu) eraikina den horretan dauden memorien ikerketan oinarritutako in-situ esku-hartzea. Haren lana 1921etik aurrerako dokumentu-artxibo zabal batean oinarritzen da, udal-eraikin horrek izan dituen erabilera ugariak eta konfigurazio arkitektoniko desberdinak kontuan hartuta, besteak beste, gai sukoien biltegia, erraldoien eta buruhandien biltegia eta txakurtegia izan baita.

Bi artistek bisitaldi komentatuak egingo dituzte apirilaren 15ean eta 17an19:00etan, beren sormen-prozesua zuzenean kontatzeko eta egin duten dokumentazio-lan guztia ezagutarazteko.  Aldez aurretik izena eman behar da, esteka honen bidez: https://forms.gle/YfKHx5442k6wJvCm7.