BADATOR BILBOKO ZIRKUITUA, DOAKO DOZENA BAT ANTZERKIREKIN!

BILBOKO ZIRKUITUAren XXIII. denboraldia Bilboko auzoetara itzuliko da urtarrilaren 12an. Bilboko Udalaren ekimena da, Bizkaiko uriburuko eta inguruko antzerki-taldeen jarduera sustatzen duena; talderik gehienak amateurrak edo erdiprofesionalak izan ohi dira.

Hainbat udal-gunetan (Altamira, Basurtu, Begoña, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako Udaltegiak eta Solokoetxe Institutua), eguenero, maiatzaren 11ra arte, sortzaile berrien lana erakutsiko da, eta uriko antzerki-taldeek bilbotarrengana eramango dituzte beren proposamen eszenikoak, dohainik.

BILBOKO ZIRKUITUAren edizio honetan konpainia hauek hartuko dute parte: La Pacheca Collective “A solas con el Emérito” lanarekin; Las Klownkis “Ya pasó” lanarekin; Libélula Teatro “Conversaciones con mamá” lanarekin; Skené Teatro “La casa de Bernarda Alba” lanarekin; Kamerino Teatro “La felicidad no está en los mapas” lanarekin; Amets Bete “Pareja abierta” lanarekin; La Companyia Del Bac “Kiero ser vasco: ¡palabra de catalán!” lanarekin; eta Luna Llena “¡Porque me oprime el corsé!” lanarekin. Edizio honen parte izango dira, halaber, mikroantzerkiko proposamenak: Potemkin-Erein Kolektiboaren “Esto ha venido para quedarse”, Kásperle Teatroren “El diablo moderno”, eta Resisten Cía-ren “Larvä”.

2023an, BILBOKO ZIRKUITUAn parte hartzen duten obra guztiak programatuko dira lehen aldiz programa honetan, Potemkin eta Erein Kolektiboaren antzerki laburreko piezak izan ezik. Horiek berriz programatuko dira San Frantziskon (urtarrilak 26) eta Errekalden (maiatzak 11), aurreko edizioan izan zuten arrakasta dela eta.

Horrez gain, umoreak presentzia nabarmena izango du 2023an emanaldi hauekin: La Pacheca Collective-ren “A solas con el emérito”, stand-up comedy estiloko bakarrizketa eta errege emerituaren antz susmagarria daukan umorista bati buruzkoa dena: haren esperientziak, pasadizoak eta esamesak (urtarrilaren 12an eta otsailaren 16an Errekaldeko Udaltegian eta Solokoetxeko Institutuan, hurrenez hurren). La Companyia Del Bac taldearen “Kiero ser vasco: ¡palabra de catalán!”, bakarrizketa komikoa, barietate-zenbakiekin. Protagonista euskaldun izateko baldintza guztiak betetzen dituela frogatzen saiatzen da, katalana izan arren (martxoaren 9an eta apirilaren 27an Basurtoko eta Zorrotzako udaltegietan, hurrenez hurren). Eta Las Klownkis-en “Ya pasó” (otsailaren 2an Otxarkoagako udaltegian eta apirilaren 20an Basurtun).

Azkenik, BILBOKO ZIRKUITUAk maiatzaren 4an Begoñako Udaltegira Luna Llena-ren eskutik iritsiko den hitzordua nabarmendu du programazioaren barruan. Konpainiak 25. urteurrena beteko du, eta beste behin ere presente egongo da programa honetan “¡Porque me oprime el corsé!” obra berriarekin. Trenean egindako bidaia da, gure amen eta amonen memoria femeninoaren bidez; izan ere, horiei, batzuetan, atsekabez begiratzen dizkiegu, inoiz zoriontsuak edo libreak izan ez direla uste dugulako.

BILBOKO ZIRKUITUAren proposamen guztiak doakoak dira eta lan bakoitzari buruzko informazio guztia hemen aurki daiteke.

BABESA SORMENARI

BILBOKO ZIRKUITUAk helburu bi ditu: bertoko eszena bultzatzea eta antzerkia uriko auzoetara hurbiltzea. Programa honen bidez, antzerki- eta dantza-talde berriei aukera ematen zaie euren lana taularatzeko eta jendaurrean erakusteko.