ZORROTZAKO MUTURREAN, KIROL-GUNE BERRIAK ETA PUNTA PUNTAKO PUMPTRACKA INAUGURATU DIRA

Bilboko Udalak amaitu berri ditu Zorrotzako Muturrean erabili gabe zeuden espazioak leheneratzeko lanak. Zehazki, Zirgariak Kaiaren, Artsenalbidearen eta Archer Marinelaren kalearen arteko eremuan egin dituzte obrak.

Ingurune hura berroneratzeko, aire zabaleko jarduerak sustatzen dituzten kirol-elementuakegoteko leku berriak, eta ibilbide seguru, irisgarri eta ondo argiztatuak egin dituzte.

KIROL-GUNE BERRIAK

Done Mikel plazan zegoen kirol-pistako zoladura hondatuta zegoen. Hori dela eta, Udalak, proiektuaren barruan, pista birgaitu, eta kantxa berri bi jarri ditu han: kirol anitzetarako bat (32 X 19 m-ko azalerarekin), eta txikiago beste bat (14 X 9 metrokoa).

Horrez gain, kirol-instalazio ikusgarri bat da eremuko jarduketa nabarmenena: pumptrack bat, hau da, zirkuitu itxi asfaltatu bat, oztopoekin, bihurguneekin, salto eta sakanguneekin, bizikletaz, patinetez eta abarrez ibiltzeko.

Zorrotzako Muturrekoa Estatuko pumptrack osatuenetako bat da, konplexutasunari eta lehiaketari dagokienez. Transito kalexkaren ekialdeko lurzatian dago, eta 1.265 metro karratu ditu, gutxi gorabehera.

Bere diseinu originala integratutako egurrezko wallride birengatik nabarmentzen da. Edonork erabiltzeko pentsatuta dago, norberaren adina eta maila teknikoa edozein direla ere. Hori dela eta, bereizitako hiru gune daude, zailtasun-maila desberdinarekin; guneok elkartu ahal dira, erabilera gehiago optimizatzeko.

  • Hasierako eremua -lerro berdea-: 56 metro linealeko ibilbidea du. Barruko azalera guztiz asfaltatuta dago, skatepark batean egiten denaren antzeko erabilera-ahalmena izateko. 90 graduko bihurgune bi ditu, eta, ondoz ondo, 180 bat graduko beste bat.
  • Maila ertaineko ibilbidea -lerro urdina-: U alderantzikatu itxurako 140 metro lineal ditu, eta 1,9 metroko zabalera. Hasierako gunea inguratzen du, eta harekin lotu daiteke, bi puntutan. Saltatu beharreko zortzi oztopo, eta zazpi bihurgune ditu. Nabarmentzekoa da bihurguneetako batean dagoen wallridea: egurrezko horma bat, bihurgunearen altuera gainditzen duena, abiadura handiz hartzekoa.
  • Azkenik, maila aurreratua -lerro gorria-: obalo forma, eta 50 metro linealeko ibilbidea ditu. Erabiltzailerik trebatuenentzat diseinatutako hainbat jauzi ere baditu, eta wallride egitura bat, pistaren iparraldera dagoen 180º-ko bihurgunearen gainean.

Pumptrackerako eta kirol-kantxetarako sarbideetan, altzairu herdoilgaitzezko bizikleta-aparkalekuak jarri dituzte; eta horma-irudi handi bat ere egin dute, ingurune osoari kohesioa eta koherentzia emateko.