BILBOKO UDALAK “KONEKTA IDEIAK” IZENEKO EKIMENA JARRI DU ABIAN, URIKO GAZTEEK SUSTATUTAKO PROIEKTUAK LAGUNTZEKO, OINARRI TEKNOLOGIKOA ETA ERAGIN SOZIALA DUTENAK

Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Konekta Ideiak izeneko ekimen berria jarri du abian, Bilboko gazteek sustatutako proiektuak laguntzeko, oinarri teknologikoa eta eragin soziala dutenak.

Programa berri honen asmo nagusia da berrikuntzaren kultura sustatzea, eta, gizartearen beharrizanei erantzuten dieten proiektuetan, balioa sortzea eta gizarteari onura itzultzea, elkarrekin eta lankidetzan ikasteko prozesuekin.

16 eta 30 urte bitarteko pertsonek parte har dezakete, eta Bilbon izan behar dute bizilekua. Ideiak aurkezteko epea otsailaren 10ean hasiko da, eguenean, eta martxoaren 10era arte iraungo du; horretarako inprimakia Udalaren BilbaoGazte webgunean dago eskura, eta ideiakmartxan@bilbao.eus helbidera igorri beharko dute. Proposamenak, bestalde, banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango dira; taldeka aurkeztuz gero, taldeko batek gutxienez Urian erroldatuta egon behar du.

Proiektuek teknologia erabili behar dute, eta eragin soziala izan behar dute Bilboko auzoetakoren batean, edo Uri osoan. Ez dira bazter utziko dirulaguntzak jaso dituztenak , betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Proiektua aurtengo abenduaren 31 baino lehen egon beharko da bururaturik.

Hautatutako proiektuak garatzeko, aukeran izango da coworking eremu bat erabiltzea: La Perrera eraikineko instalazioetan dago (Sabino Arana 50); gainera, hango Makergunea delakoan dauden materialak, ekipoak eta tresnak erabili beharko dituzte.

PROIEKTUAK HAUTATZEA

Sustatzaileek epaimahai baten aurrea aurkeztu beharko dituzte beren proiektuak, betiere betekizunak betetzen badituzte, eta epaimahaiak aukeran izango du proposatzea ekimena edo/eta aurrekontua epe jakin batean birformula dadila.

Epaimahaiak puntuatu egingo ditu ideiak, ezarritako irizpideen arabera (proiektuaren bideragarritasuna, elkarlanezko izaera duen edo ez eta udalerrian duen eragin soziala, besteak beste), eta puntuaziorik handiena lortzen dutenak hautatuko ditu, ezarritako aurrekontu-kopurua gainditu gabe guztira, zeina 15.000 eurokoa baita.

Epaimahaia arlo teknologikoarekin zerikusia duten profesionalek eta Udaleko teknikariek osatuko dute. Halaber, kanpoko pertsonen aholkua ere baliatu ahal izango du, hala behar duten proiektuak hobeto ebaluatzeko.

KONEKTA. LA PERRERA

Ekimen hau KONEKTA programaren barruan dator, zeina Eusko Jaurlaritzarekin batera gauzatuko baita; alde horretatik, nabarmendu beharrekoa da bi erakundeak lanean ari direla elkarrekin Gazteriaren Euskal Legeak (joan den martxoan onetsi zen) biltzen dituen helburuak gauzatzeko eta garatzeko.

KONEKTA programaren ekimenak, izan ere, Bilboko gazteriarekin konektatzeko elementu gisa planteatzen dira, gazteak bihurtuz beren interesekoa izan daiteken udal ekintza ororen ardatz. Informazioa eta orientabidea emateaz gain, aukera berritzaileak sustatu eta ahalbidetuko dira, gazteek sormena, ekimena, parte-hartzea, konpromiso soziala, pentsamendu kritikoa, ahalduntze pertsonala edo talde-lana bezalako trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.

KONEKTA programak, berez, Bilbao Hiri Gaztea Gazteriaren Udal Planean jasotako beharrizanei erantzuten die, zeina Bilboko gazteekin batera diseinatu baitzen.