Open House Bilbao jaialdiak urriaren 7an eta 8an ospatuko du bere zazpigarren edizioa, “Ciudad (in)material. Hiri (ez)materiala” goiburuarekin. Ekitaldian ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea eraikinetara sartzeko; bai, ordea, jarduera osagarrietan parte hartzeko.
ZAZPIGARREN EDIZIOA
Open House Bilbaoren zazpigarren edizioak gogoeta egingo du hiria osatzen duen dimentsio ukigarri eta ukiezinaz, arkitekturaren eta hirigintzaren ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasunaz.
Open House Bilbao 2023 jaialdia hainbat galderari erantzuten saiatuko da, hala nola, hiria zerez dagoen egina, zenbat baliabide kontsumitzen dituen eta zer modutan alderdi ukiezinek (hala nola kulturak, adimen kolektiboak eta arauek eta planek) gidatzen eta moldatzen dituzten gure hiria eta gure espazio publikoa.
Open House Bilbao jaialdiak hirurogeita bost leku baino gehiagotako ateak irekiko ditu hirian, eta 19 jarduera osagarri programatuko ditu, era guztietako publikoentzat, espazio publikoan garatzeko.
OPEN ESPAZIOAK
Jaialdiaren helburua da ahalik eta jende gehienarengana iristea, bai arkitekturan espezializatu gabeko publikoarengana, bai sektoreko profesionalengana. Horretarako, kultura-programa zabala diseinatu da. Programa horren barruan, jarduera nagusia Bilboko eraikin esanguratsuetan bisita gidatuak egitea da, haien arkitektura, historia eta kultura ezagutzeko.
Gune horietara egingo diren bisitetan ez da beharrezkoa aurretik izena ematea. Bisitak ehunka boluntarioren inplikazioari, konpromisoari eta gogo biziari esker egingo dira: boluntario horiek sarrerak eta bisita bera kontrolatuko dituzte. Bisita 20 minutu inguruko ibilbide gidatua da, 10-25 pertsonako taldeetan, bisitatu beharreko espazioaren ezaugarrien arabera.
Bisitaldiak doan eskaintzen dira, eta xedea da arkitekturaren zeregina zabaltzea, ikuspegi estilistiko, tipologiko eta historiko batetik ez ezik, ikuspegi sozial batetik ere bai, eraikinen barruan bizitako historiak azalduz, haiek baitira, azken batean, hiriaren funtsa. Eta, era honetan, herritarra turista bere hirian jai giroko asteburu batean turista sentitu dadila sustatzea.
Hurrengo asteetan azalduko da bisitatu daitezkeen espazioen zerrenda osoa.
BOLUNTARIOTZA
Aurtengo edizioan boluntario moduan parte hartu nahi duen orok www.openhousebilbao.org web-orrian eman dezake izena.
Orain arte 450 boluntario baino gehiagok eman dute izena, baina erakundeak 600 boluntario behar ditu aurreikusitako eraikin guztiak ireki ahal izateko.
Open House Bilbao zeharkakoa, soziala eta irekia da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik arkitekturaren gaineko ezagutzarik izatea. Boluntario moduan izena ematen duten pertsonek egun erdiz parte hartuko dute, eta, ordainetan, eraikinetara sartzeko lehentasuna emango zaie eta bisita esklusiboak eskainiko zaizkie, beste abantaila batzuen artean. Boluntarioen programari buruzko edozein argibide nahi izanez gero, posta elektronikoaren bidez egin daiteke harremana: boluntario@openhousebilbao.org
EAEko hainbat unibertsitateren eta jaialdiaren nahiz haren antolaketaren arteko lankidetza sendotu da: unibertsitateek modu aktiboan hartzen dute parte eta ekitaldia arrakastatsua izan dadin laguntzen dute. Besteak beste, Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Unibertsitatea edo Bilboko IED Kunsthal.
Open House Europa-ren testuinguruan, jaialdian, lehenengo biderrez, Europako beste hiri batzuetako 10 boluntario arituko dira (besteak beste Lisboa, Dublin eta Milangoak), OPEN hirien arteko trukea eta harremana sustatuz.
JARDUERAK
Open House Bilbao 2023 programa hainbat jarduerarekin osatuko da, zeintzuek edizio honen berariazko gaiari eragingo baitiote; jarduera horietarako, ordea, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Ekitaldiaren webgune ofizialean eman behar da izena (ezingo da beste era batean izena eman), lekuak bete arte.
360ºko esperientziak: Hiria hazten denean
360º-ko esperientzia arkitektoniko hauetan, Bilboren historia urbanoaren funtsezko hiru gertakariri buruzko gogoeta egingo dugu, hain zuzen ere, planifikatutako garapenei eta bat-bateko hazkundeei dagozkienak. Pasarte horien prozesua aztertuko dugu, eta hirigintzan, arkitekturan eta gizartean izan dituzten ondorioak alderatuko ditugu.
Familientzako tailerrak: GJHak ezagutuz
Sormen pilulak familientzat, hiri jasangarriagoak irudikatzeko dinamikak, jolasak eta ipuinak. Umeak hurbilduko dira eta GJHei (Garapen Jasangarriko Helburuak) buruzko kontzientzia sortuko dute, gogoan erabiliz zer desafio eta aukera dakartzan mundu zuzenago, berdintasunezkoago eta jasangarriago bat eraiki beharrak.
Hiri-paseoak:
Oinez egiten diren ibilbide hauek jasangarritasunean jartzen dute fokua, energia aprobetxatzeko proiektuak ezagutuz eta berrerabilitako eraikinak bisitatuz. Arkitekturatik harago ere joango gara, jasangarritasunaz hitz egiteko eta egunerokotasuneko eta naturako beste adibide batzuk behatzeko, ongizaterako funtsezko hiri-osagaiak baitira eta Bilbo munduko hiri zoriontsuenen artean kokatzen baitute.
Open Itsasadarra: itsasadarraren mugetan zehar nabigatzen
Nabigazio-esperientzia honen bidez, ibai ertzari beste ikuspuntu batetik begiratuko zaio, itsasadarrean zehar ibiliz, ur ertzeko espazio irekien antolatzaile handi horretan zehar; izan ere, leku horiek gure hiriaren garapenaren gakoetako asko erakusten dizkigute.
Autore-bisitak:
Arkitekto batzuk izango ditugu parte hartzen, eta bertatik bertara eta bisita esklusiboetan azalduko dizkigute euren lanak, bai eta proiektuak diseinatzeko prozesua eta irizpideak ere.
Bisita bereziak:
Eraikin batzuk formatu berezian bisitatuko dira, eraikinaren beraren berezitasunagatik edota azalpenak ematen dituzten pertsonen ezagutza-mailagatik.
Jarduera osagarri horietarako izena eman nahi dutenek, irailaren 28tik aurrera (osteguna) egin ahalko dute, www.openhousebilbao.org webgunearen bitartez.
OPEN HOUSE EUROPA
Bilboko Open House Jaialdiak indarrak batuko ditu Europako beste 11 hirirekin batera, Open House Europe nazioarteko elkarlanezko proiektu berriaren barruan, zeina Europar Batasunak ere finantzatzen baitu, Creative Europe programaren barruan. Ekimen berri honekin, arkitekturaren inguruko eztabaida inklusiboago bat sustatuko da, eta indartu egingo da arlo horrek gizarte- eta ingurumen-aldaketen aurrean aldaketa positiboa eragiteko orduan betetzen duen zeregina.
Horretarako, nazioarteko baterako programa bat garatu da, zeinetan, urteroko goi-bilera batez eta ingelesezko jarduerez eta ikustaldiez gainera, boluntarioen trukerako programa bat ere izango baita. Truke-programa honek bide emango du Open House Europe ekitaldiko gainerako 11 hirietako boluntarioak ere Bilbora etor daitezen jaialdian parte hartzera, eta, aldi berean, hiria eta Bilboko kultura ezagutzera. Era berean, urtero-urtero, eta gastu guztiak ordainduko zaizkielarik, Open House Bilbao Jaialdiko 5 boluntariok aukera izango dute urtean zehar beste Open hiri batzuk ikusi eta ezagutzeko.
ERAKUNDEA
Open House Bilbao OUT elkarteak diseinatu eta antolatzen du, eta Bilboko Udalak babesten du. OUT irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri-berritzean, arkitekturan, eta herritarren parte-hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua.
Open House aukera ederra da herritarrek euren hiriaren inguruko kontzientzia har dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, gai horiek ezagutzera eman, zabaldu eta jendarteratu egiten dira publiko zabal baten artean, parte-hartzearen bidez.