BILBOKO UDALAK GAZTEEN ARTEKO BERDINTASUNA, ANIZTASUNA ETA INKLUSIOA SUSTATZEN DITU KOMIKIAREN BIDEZ

Bilboko Udalak kulturarteko eskumenen eta gazteriaren eremuetan lan egiten jarraitzen du NET-IDEA Europar Proiektuaren bidez. Uriak gazteei zuzendutako hainbat jarduera hartuko ditu, besteak beste, “Kulturarteko Hiriak-Etorkizuneko Arkitektura” komiki-tailerra, parte-hartzea, eztabaida, kritika eta errespetua sustatzeko. Tailerra praktikoa eta sortzailea izango da, giro seguru batean, Kike Infame ilustratzailearen eskutik.

Tailer horiek 8 ordukoak izango dira eta hainbat jatorritako 50 gaztek hartuko dute parte Kulturarteko Hirien Estatuko Sareak (KHES) argitaratutako Cuaderno de Viaje hacia las Ciudades Interculturales hezkuntza-materiala oinarri hartuta. Material horren helburua da kulturarteko ereduaren printzipioak eta balioak modu grafikoan gizarteratzea gazteentzat. Jarduera La Perrera eraikineko udal-instalazioetan egingo da, bi taldetan: lehenengoa, urriaren 6an, 11n, 18an eta 25ean, eta bigarrena, urriaren 5ean, 10ean, 19an eta 26an.

Tailerren emaitza gisa, tokiko fanzine bat egingo da, gaiari buruz sortutako hausnarketak modu grafikoan jasoko dituena. Gainera, Bidaia Koadernoa garatzeko, protagonisten arteko elkarrizketak ere gidoietara ekarriko dira, horrela herritarrak sentsibilizatzeko ikus-entzunezko pilulak diseinatuz. Era berean, gazteek aukera izango dute oro har proiektuko hiri guztiekin antolatutako argazki-kanpaina europarrean parte hartzeko.

HURRENGO JARDUERAK

NET-IDEA proiektuaren esparruan, urriaren 6an, 7an eta 8an, zurrumurruen aurkako Europako Gazteen I. Goi-bilera egingo da Lublinen (Polonia). Goi-bileraren helburua da autogogoeta/eztabaida eta protagonismoa/aktibismoa sustatzeko tresnak ematea eta partekatzea, kulturarteko ikuspegitik hiri-narratiba berriak garatzeko.

Lehen topaketa horretan, Europako 6 herrialdetako 18 hiritako gazteek parte hartuko dute, berdinen arteko truke-espazioak sortuz; aurreiritziak, estereotipoak eta zurrumurruak jorratzeko prestakuntza-ekintzak egingo dira, bai eta  kulturarteko gaitasunak lantzeko ere. Bilboko Udalaren ordezkari gisa, Bilboko Udaleko Immigrazio Kontseiluko gazteen taldeko ordezkari batek hartuko du parte goi-bileran.

Immigrazio Kontseiluak gazte talde bat sortu zuen 2020an, kolektibo hori kulturarteko udal-politika diseinatzen, gauzatzen eta ebaluatzen inplikatzeko. Harrezkero, talde horrek aktibo jarraitu du eta, esaterako, martxoaren 21ean egiten den “Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Eguna”ren barruan egindako sentsibilizazio-ekintzak garatu ditu.

NET-IDEA PROIEKTUA

NET-IDEA Europa mailako proiektuaren helburua da tokiko agintarien eginkizuna eta lankidetza indartzea aniztasunaren, kulturartekotasunaren, diskriminazioaren aurkako eta inklusioaren sustapenaren eremuetan. Horretarako, hiru helburu espezifiko ditu:

  • Europako hirien eskumenak indartzea berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa sustatzeko politika eraginkorren aplikazioan.
  • Epe luzerako lankidetza sustatzea Europako hirien artean, eta jardunbide egokiak trukatzea sustatzea diskriminazioaren aurkako borrokan eta aniztasunaren eta inklusioaren arloetan.
  • Herritarren eta, bereziki, gazteen artean parte-hartzea eta eskubideen kontzientzia areagotzea kulturarteko gizarteetan.