GAZ, Emantzipaziorako Zerbitzua laguntza-zerbitzu bat da, euskal erakundeek sustatua, gazteei emantzipazio-prozesuetan laguntzea helburu duena. Bilboko GAZ arreta presentzialeko zerbitzuari online arreta gehitu zaio orain, eta arreta horrek badu webgune bat, www.euskadi.eus/gaz, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak koordinatzen duena. Gainera, gaurtik aurrera eta azaro osoan zehar, bere prestazioei buruzko informazio-kanpaina bat hasiko da hiriko hainbat gunetan ikusgai jarri diren ekintzen bidez.
Bilbo, joan den martxoan, Euskadin gazteen emantzipazioari laguntzeko dagoen lehenengo aurrez aurreko arreta-zerbitzuaren egoitza bihurtu zen, bertan kokatu baita GAZ Bilbao izeneko zerbitzua, La Perrera eraikinean (Sabino Arana, 50) dagoena. Zerbitzu horretan, langile espezializatuek informazioa, orientabideak, aholkularitza eta laguntza ematen dizkiete modu integral eta pertsonalizatuan 16 eta 34 urte bitarteko gazteei euren emantzipazio-proiektuetan.
GAZ zerbitzuak Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko Euskal Estrategia hartzen du ardaztzat. Estrategia horrek, zenbait ekimenen bidez, helburu hauek ditu: emantzipatutako gazteen tasa handitzea eta emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtera jaistea 2030erako.
GAZ Bilbaok orientazio-, bitartekaritza-, aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du, hiru profesionalen bitartez, eta dauden baliabideak gazteengana hurbiltzea du helburu. Gainera, GAZ Bilbaok entzuteko gune bat ere aktibatu du, gazteen eskaerak eta proposamenak lehenengo eskutik ezagutzeko, erakunde eskudunek kontuan har ditzaten erantzunak ematerakoan.
GAZ Bilbaok doako jarduera, jardunaldi eta ekitaldi presentzial ugari ere eskaintzen ditu, emantzipazio-prozesuan baliagarriak izango zaizkien gaiei begira: curriculumak egitea, lan-elkarrizketa bati nola aurre egin, enplegu-prozesuetan adimen artifiziala nola aplikatu, etxebizitza publikoa nola eskuratu, beken eskaintzak, edo nazioarteko mugikortasunerako aukerak, besteak beste. Programazio hau Bilboko Gazte Panelako gazteekin lankidetzan diseinatu da, lehenengo pertsonan ezagutzen baitute zer premia izaten diren emantzipazio-bideari ekiten zaionean.
Gaurtik aurrera, eta azaro osoan zehar, zerbitzuaren komunikazio-kanpaina bat hasiko da, hainbat ekintzaren bidez. Ekintza horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: 8 felpudo handi hiriko hainbat kokapen estrategikotan kokatzea; kaleko informatzaileak; informazio-liburuxkak postontzietan banatzea 25-28 urteko bizilagunak dituzten 13.100 etxebizitzatan; eta kanpainaren irudia zabaltzea mupietan, pantailetan, markagailuetan…