BILBOKO UDALAK “GAZTE DIGITALK” ANTOLATU DU BIHAR, BILBOROCKEN, EUROPAREN EGUNA DELA-ETA

18:00etan, doako jardunaldi ireki bat eskainiko da desinformazioaren eta erradikalizazio digitalaren aroari buruz, sektoreko ahots ezagunen parte-hartzearekin (aldez aurretik izena eman behar da).

Bilborockek bihar, osteguna, maiatzak 8, 18:00etan, Gazte Digitalk jardunaldia egingo du. Bilboko Udalak, Europe Direct Bizkaia-k, Eurobasque-k, Europa x Euskadi taldeak eta ESN Bilbao-k antolatu dute, Europaren Egunaren testuinguruan. Jardunaldi honek desinformazioaren eta erradikalizazio digitalaren aroa aztertuko du, sektoreko ahots ezagunen parte-hartzearekin.Mota guztietako publikoentzat da. Izen-ematea doakoa da, baina aldez aurretik plaza erreserbatzea gomendatzen da estekaren bidez.

Gazte Digitalk programaren helburua da gazteek hausnartzea eta kontzientzia hartzea desinformazioaren eta erradikalizazio digitalaren arriskuei buruz; izan ere, Europako Kontseiluak Herritartasun Digitalerako Hezkuntzaren Europako Urte izendatu du 2025a.

Eurobarometroaren azken inkestaren arabera, Europako gazteen % 42k lehenago jotzen du sare sozialetara gai politiko eta sozialei buruzko informazioa jasotzera, komunikabide tradizionaletara baino. Iazko urrian egindako ikerketa horrek, gainera, agerian uzten du gazte gehienak Interneteko desinformazioaren arriskuez jabetzen direla (% 76k uste du desinformazioaren edo albiste faltsuen eraginpean egon dela), baina % 70ak uste du gai dela fenomeno hori antzemateko.

Gazte Digitalkek mahai-inguru parte-hartzaile bat izango du, bereziki gazteei zuzendua. Partaideetako bat Diego Martín Rodríguez izango da, Europako Batzordeak Estatuan duen community managerra eta desinformazioan aditua. Jarraian, alor digitaleko ahots ezagunak entzungo ditugu, hala nola Ana Ayerbe, TECNALIAko Unitate Digitaleko CORES arloko zuzendaria eta zibersegurtasunean aditua; Patricia del Castaño, Europako testuinguruan desinformazioan espezializatutako ikertzailea eta EHUk sustatutako “QYourself” Europako proiektuko kidea; eta Quinndy Akeju, komunikatzailea, ikertzailea eta ekintzailea, eta sare sozialetako “Afrocolectiva” hedabidearen sortzailea eta koordinatzailea.