BILBOKO UDALAK BILBOKO GAZTE PANELA UDAL PROGRAMAREN EDIZIO BERRI BAT JARRI DU ABIAN

  • Ekimenan 18 eta 30 urte bitarteko 28 gaztek parte hartuko dute, eta irailaren 7tik 25era bitartean eman ahal izango dute izena, Bilbao Gazteren webgunearen bidez.
  • Bilboko Gazte Panela Bilbon gazteek parte hartzeko erreferentzia-gune gisa finkatu da, gazteen ideiak eta proposamenak proiektu eta ekimen zehatz bihurtuz.

Bilboko Udalak gaur, irailak 7, zabaldu du Bilboko Gazte Panela 2026-2027 udal programaren laugarren edizioan izena emateko epea. Ekimena 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta helburu hauek ditu: udal-funtzionamendua eta -ekintza hurbiltzea, Bilboko gazteen kezka eta behar nagusiak identifikatzea eta ekimen berriak sustatzea Bilbao Hiri Gaztea Tokiko Gazteria Agendaren esparruan.

Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek irailaren 7tik 25era bitartean eman ahal izango dute izena Bilbao Gazte udal webgunearen bitartez (https://bilbaogazte.bilbao.eus/).

Programak gazteen eta Udalaren arteko zuzeneko elkarrizketa sustatzen du, eta haien ideiek eta proposamenek Bilboko gazteen interes eta beharrei erantzuten dieten proiektuak diseinatzen laguntzea ahalbidetzen du. Bilboko Gazte Panela parte hartzeko eta ikasteko esperientzia bat da, eta, horri esker, gazteek zuzenean parte har dezakete hirian eragina duten ekimenak diseinatzen eta abian jartzen.

2023an abian jarri zenetik, Bilboko 75 gazte inguruk parte hartu dute Udalarekin elkarrizketa, ikaskuntza eta baterako sorkuntza prozesuetan. Orain arte egin diren hiru edizioetan, parte-hartzaileek udal-programak diseinatzen eta hobetzen lagundu dute (besteak beste, Konekta Ideiak programaren formatu berria), eta hainbat proiektu bultzatu dituzte, zenbait eremuri lotutako kezkei erantzun dietenak, hala nola, gazteen ekimenei laguntza ematea, jasangarritasuna, komunikazioa, lankidetza eta belaunaldien arteko harremanak. Ibilbide horrek agerian uzten du Bilboko Gazte Panelak parte-hartze egonkorreko kanal gisa duen erabilgarritasuna, gazteen kezkak, ideiak eta proposamenak hiriarentzako proiektu eta ekimen zehatz bihurtzeko.

Laugarren edizioan Bilboko 28 gaztek parte hartuko dute. Gazteak aukeratzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan: adina, 18 eta 30 urte bitartekoak, generoa, bizitoki-barrutia, ikasketa-maila, kultura-jatorria edo lan-egoera. Horrez gain, Bilboko Gazte Panela-ko kide izango dira beren jarduera hirian garatzen duten gazte elkarte, mugimendu eta erakundeetako ordezkariak.

Bilboko Gazte Panela 26/27 programako parte-hartzaileek bi faseetan parte hartuko dute, udaleko gazte-politikak gertutik ezagutzeko, haien eragina aztertzeko eta Bilboko gazteriarentzat ekimen berriak garatzen laguntzeko. Hamar saiotan, 2026ko urritik 2027ko maiatzera bitartean, panelistek erronkak eta aukerak identifikatuko dituzte, proposamenak egingo dituzte eta horiek diseinatzen eta ezartzen lan egingo dute, Gazteria eta Kirol Sailaren laguntza teknikoarekin.

Bilboko Gazte Panela 26/27 osatzen duten gazteek 50 euroko konpentsazioa jasoko dute saio bakoitzeko, 5.000 eurora arteko poltsa ekonomikoa eurek proposatutako eta programaren esparruan garatzen dituzten proiektuak bultzatzeko, eta haien garapena errazteko eskura jarritako baliabideak, espazioak eta materialak ere jasoko dituzte La Perrera udal-espazioan.