Beldur Barik programaren edizio berria martxan da

Dagoeneko martxan Emakundek sustatutako eta euskal erakunde guztien kolaborazioarekin garatutako Beldur Barik programaren edizio berri bat. Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei dago zuzendua eta indarkeria sexista prebenitzeko asmoz ikus-entzunezko lanak saritzen ditu.

Aurtengo edizioak hiru lelo izango ditu: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema hauen helburua.

2020ko edizio honetan ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira. Bideoak aurkezteko epea irailaren 14an zabaldu zen eta azaroaren 5ean itxi egingo da. Bakarka zein taldeka aurkeztu daiteke. Aurtengo lehiaketa hurrengo kategoria hauetan dago banatuta:

  • 12 eta 13 urte bitarteko gazteak
  • 14 eta 18 urte bitarteko gazteak
  • 19 eta 26 urte bitarteko gazteak

Lehiaketak neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakusten dituzten bideoak saritzen ditu; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Orotara, 8 sari banatuko dira. Kategoria bakoitzeko lehen saria irabazten duenak 400 euro jasoko ditu. Horrez gain, 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Gainera, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaizkio.

Informazio guztia hemen.