Bilboko Udalak orain dela urtebete, 2020ko abenduaren 23an, amaitu zuen segurtasunaren arloko 14 auzo-tailerren hedapena; Uriko Segurtasunaren aldeko Itunean jasota zeuden horiek. Lehen tailerra Otxarkoagan eratu zen 2018ko azaroan, eta geroztik Bilbo guztira hedatu dira.
Foro horietan uriko 95 elkartek parte hartzen dute modu egonkorrean, eta «Udalak hurbileko polizia komunitario baten alde egindako apustuaren adibide garbia dira».
Herritarren Segurtasuneko zinegotziak eta tailer guztietako presidente denak esan duenez: “Planteatutako gaiak askotarikoak dira”. “Bizikidetzarekin lotuta dauden gaiak planteatzen dira batik bat”.
Zenbait gai behin baino gehiagotan ateratzen dira, tartean, “parkeetan eta aisia-guneetan prebentziozko patruila-zerbitzuak egiteko beharra”, segurtasun-pertzepzioa hobetzeko eta delituak egitea eta aisiarako toki horietako bizikidetza baketsuari eragiten dioten gizabidearen kontrako portaerak prebenitzeko. Guztira, halako arazoengatiko 108 zaintza egin dira ekitaldi honetan.
Segurtasun-tailerretan eragin handiena duen beste gai bat “segurtasun ezeko puntuak, hautemandakoak edo benetakoak, auzoetan detektatu edo komunikatu direnak” dira, eta askotariko gaiekin zerikusia dute, hala nola pertsonen legez kanpoko kokalekuak, zenbait pasagunetan argiztapenik ez izatea, hiri-ibilbide batzuetako tarteetan ikuspenik ez izatea, zenbait espazio publikoren hirigintza-konfigurazioa (bizikidetza-gatazkak errazten dituzte), ibilgailuen abiadura desegokia eskola-eremuetan, animaliak aske eramatea, zenbait tokitako begetazioak sortzen duen segurtasun eza, eta hiri-altzariak birkokatzea.