Bilbao Bizkaia Design Week 2022 azaroaren 17tik 27ra burutuko da 50 jarduera baino gehiagorekin, eta Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua dago. Aste hau Euskadiko sormen- eta diseinu-industrien sektoreko ekitaldi handiena da. Mota horretako industriak garapen ekonomikorako eta hiriaren eta lurraldearen nazioarteko proiekziorako faktore gisa sustatzea du helburu.
Diseinuaren astearen zortzigarren edizioaren izenburuak, Erresonantzia, “ECO”n jartzen du arreta, bai gaztelaniaz hitzak adierazten duen erreberberazioaren fenomeno fisikoa aipatzeko, bai Hartmut Rosa soziologoak sortu zuen “erresonantzia” kontzeptua aipatzeko, entzute sakoneko jarrerari lotuta dagoena.
Horrela, Bilbao Bizkaia Design Week 2022 programak ekosistema sortzailea entzuteko eta estimulatzeko ariketa planteatzen du, nola bibratzen duen ulertzeko eta planteatzen diren hala eragileak nola proposamen berritzaileak ezagutzeko.
DISOINUA, BBDW 2022ren ATARIKOA METROAN
“Disoinua”, BBDW 2022ren atarikoa izango dena eta amaitu arte Metro Bilbaoko Abandoko geltokian egongo dena, hamabi panelez osatutako erakusketa da. Euskarri horietan elkarrizketatutako pertsonen artean diseinuaren inguruan bildutako ikuspegiak jasotzen dira.
Erakusketa ikerketa-prozesu baten azken emaitza da. Prozesu horretan hogei bat pertsona elkarrizketatu dira diseinua haientzat zer den eta euren bizitzetan eta ingurune hurbilenean zer eragiten duen jakiteko. Alde batetik, panpina bat, praka batzuk, bainujantzi bat edo “bonbo-maleta” bat bezalako objektuak saltzeko euren Wallapopeko iragarkian “diseinu” hitza erabili duten pertsonak dira. Era berean, euren karteletan “diseinua” hitza erabiltzen duten bertako dendetara jo da. Ondorioak dozena bat panel horietan islatzen dira, eta hainbat galdera egiten dira: zer esan nahi du benetan “diseinu” hitzak?; polita dena bakarrik dago diseinatuta?; edo pertsonak diseinura egokitu behar dira, edo alderantziz?
BBDW 2022ren komisarioa ColaBoraBora da, Bilbon egoitza duen gizarte-ekimeneko kooperatiba bat, eta pertsonengan oinarritutako berrikuntza- eta lankidetza-inguruneak eta -prozesuak diseinatzen eta errazten dituena. Bere lanen artean daude ekitaldiaren kontzeptualizazioa, BBDWren antolakuntzak sustatutako jardueren diseinua eta eragile programatzaileei dagozkienak hautatzea eta gainbegiratzea.
Sormen-industrien topaketa honetan, gainera, EIDE, Euskadiko eta Nafarroako diseinuko profesionalen elkartearen aholkularitza aditua izan da, baita Apritopik enpresak “Disoinua” erakusketaren oinarrian dagoen ikerketan egindako lana ere.
BELARRIREKIA, ABIO OFIZIALA
BBDW 2022ren atariko berritzailea den erakusketa honen inaugurazioaren ondoren, topaketa honen hasiera ofiziala datorren ostegunean, azaroak 17, izango da Belarrirekiarekin, hori baita irekiera-saioari emandako izena diseinuaren aste honetako jarduera guztiei aplikatu nahi zaien entzute aktiboaren ideia indartzeko. Campos Eliseos Antzokiko Kupula Aretoan egingo den ekitaldi honetan ere Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia, eta Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, egongo dira.
Inaugurazio saio honek erresonantziaren ideiaren inguruko ikuspegi sorta zabala erakutsiko du. Ruben Ramilak, zentzumen-zientzietan aditua denak, proposatutako esperientzia sentsorikoak jardunaldiaren sarrera izango dira. Bertan, diseinuaren eta berrikuntzaren kudeaketan ikertzailea den Amalio Reyk Adimen Kolektiboari buruz hitz egingo du diseinua hobetzeko modu parte-hartzaile gisa.
Halaber, Maraka, Mutur Beltz, Cala Creative Studio eta Sara Lenzi-ren ekosistema lokaleko esperientziak aztertuko dira, arreta erabiltzaileen entzumenean, ingurunean, materialetan eta soinuan bertan jarriz.
Era berean, Apitropik taldeko Alex Filiatreauk “Disoinua” aurkeztuko du eta parte hartzeko jarduera txiki bat proposatuko die bertaratutakoei. Gainera, Mikel Arce soinu- artistak eta UPV/EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakasleak, ikasleek beren beregi egindako “Instalaciones y espacio sonoro” lana erakutsiko digu.
HIRI GONBIDATUA
Beste alde batetik, ostegunean, hilak 24, Kortrijk izango da protagonista, Bilbao Bizkaiaren diseinuaren astearen edizio honetan hiri gonbidatua dena. Zabalgune Eraikineko hitzordura Belgikako hiri horretako teknikariak joango dira sormen-ekosistema garatzeko eta dinamizatzeko Designregio Kortrijk agentzia publikoak abian jarritako proiektuak aurkezteko.
Flandriako hiri honek ekonomia zirkularrean, digitalizazioan edo zerbitzuen diseinuan ardatza jartzen duten programak bultzatzen ditu “Etorkizun hobeak diseinatzen” lelopean. Jarduera hau “Zer egin dezakegu elkarrekin?” izeneko jardunaldian sartzen da. Jardunaldi horretan, halaber, Diseinuaren aldeko Ituna aurkeztuko da. Plataforma hau prestakuntza-erakundeek, sektoreko enpresek eta partikularrek osatzen dute eta sektore hori berrikuntza eta eraldaketa ekonomiko, sozial eta ingurumenekoaren eragile gisa kokatzen duen estrategia sustatzen du.
Gainera, azaldutako esperientzia guztietatik eratorritako ikaskuntzak tokiko testuingurura lekualdatzeko asmoz, proposamenak entzuteko eta hausnartzeko tailer bat egingo da, zirkulartasunean aditua den Teresa Jular diseinatzaileak zuzenduko duena, beharrak eta aukerak elkarrekin lantzeko.
DISEINUARI BURUZKO JARDUERA OSAGARRIAK
Hiru ekitaldi nagusi horiekin batera BBDW 2022k jarduera-eskaintza zabala du, besteak beste:
- GREEN DIGITAL CONFERENCE (azaroak 17, Azkuna Zentroa). Garapen Jasangarriko Helburuak gauzatzen laguntzeko trantsizio ekologikoa eta digitala lerrokatu beharraz hausnartzeko eta aztertzeko gunea.
- TALENTU GAZTEAK (azaroak 22, Bilbao As Fabrik). EIDE Gazteak lantaldeetako batek antolatuta eta Bilbao AS Fabrik eta hainbat prestakuntza-zentroren laguntzarekin. Ekimen honetan 2022ko finaleko 22 proiektu onenak hautatuko dituzte. Ekitaldiaren hirugarren edizio honek egileak, proiektuak, gaitasunak eta prestakuntza ezagutarazteko balioko du, baita urtez urte gure unibertsitateetan eta sormen-diziplinatako goi-mailako eskola guztietan graduatzen ari diren ikasle horien guztien prestakuntza eta talentua berresteko ere.
- EL DISTRITO CULTURAL Y CREATIVO DE EUSKADI (azaroak 22, Zabalgune Eraikina). El Distrito Cultural y Creativo de Euskadi – Euskadiko Kultura- eta Sormen-Barrutia, BDCCren (Basque District of Culture and Creativity) proiektuaren aurkezpena. Espazio honek Euskadiko kultura- eta sormen-industriei gaitasuna, garapena eta laguntza ematen die, lehiakortasuna eta sektorearen sendotze ekonomikoa sustatuz.
- FIG BILBAO (azaroak 24-27, Euskalduna Jauregia). Paper, Arte eta Grabatuaren nazioarteko Jaialdiak publikoaren artean grabatuaren eta paperaren munduan egiten den ikerketa zabaltzearen aldeko apustua egiten du. Lau egunez obra grafikoa eta papera lantzen dituzten estatuko eta nazioarteko 60 galeria inguru biltzen dira urtero Bilbon, eta, horrela, hiria Europako erreferentzia-puntu bihurtzen da estanparen nazioarteko zirkuituaren barruan.
- THIS IS BASQUE DESIGN MERKATUA (azaroak 25-27, Azkuna Zentroa). Testuinguruko diseinaitzaileei ikusgarritasuna eskaintzeko, horien lana sustatzeko eta konexio berriak ezartzeko espazioa da. Elementu bereizgarria produktuaren balio erantsia da, tokikoaren ikusgarritasuna, jasangarritasuna, Do It Yourself eta esklusibotasuna, eta baita erosketa sortzaile eta arduratsuaren kontzeptua sustatzea ere.
- SELECTED 2022 (azaroak 24-25 , Euskalduna Jauregia). Ikusizko kultura bere adierazpide guztietan protagonista duen topaketa, esperientzien bilgune zein joera berrien inspirazio iturri izateko. SELECTEDek diseinuaren diziplina guztietan sektore profesionalarentzat, ikasleen sektorearentzat eta ikusizko komunikazioaren eta sormenaren lanbideentzat erabilgarria den guztiari buruzko ekitaldia izan nahi du.