Berrikuntzan eta teknologia berrietan oinarritutako eskaintza diseinatu du Bilboko Udalak, gazteen aisialdirako. Jarduerak, tailerrak eta ekitaldiak astelehenetik zapatura izango dira, urteko lehen hiruhilekoan zehar, Basurtun inauguratu berri duten LA PERRERA eraikinean (Sabino Arana 50). Azpiegitura hori erreferentziazkoa da uriko nerabe eta gazteentzat.
Udalaren helburua da gazteei aisialdi hezitzailea eskaintzea eta eskaintza hori hirian ere finkatzea, gazteen esku jarriz ikerkuntza eta esperimentazio teknologikora hurbiltzeko beharrezko baliabide eta espazioak (3D inprimagailuak, laserra, chroma, Lego robotak, programatzeko softwarea, grabazio-ekipoa, proiektagailuak, erreproduzigailuak…), aukera izan dezaten alor horretako trebetasun eta gaitasunak garatzeko, beren aisialdia antzeko zaletasunak dituzten beste gazteekin partekatzen duten bitartean.
PROGRAMAZIOA
TAILERRAK:
- «Zure e-sports Kluba»: tailer hibrido eta elebiduna da. La Perrerako Makergunean egingo dute presentzialki, eta linean ere bai, DISCORD plataformaren bitartez. ZAPATUETAN izango da, OTSAILAREN 11TIK APIRILAREN 24RA, 11:00ETATIK 13:00ETARA. 18-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek E-SPORTS talde bat sortu ahalko dute, motibazioa, ezagutza eta trebetasuna batzen dituen ekimen batean. Saio guztietan parte hartu beharko dute. Tailerrean zehar, erronkak gainditu eta misioak bete beharko dituzte. Hori egiteko, proiektuak garatu beharko dituzte, eta, hala, ikastea sustatzen duen aisialdian murgilduko dira. Parte hartzeko, IZENA EMAN BEHAR DA AURRETIAZ HEMEN. Tailer bakoitzak 5 euroko prezioa izango du.
- «3D Fashion»: moda eta teknologia uztartzen dituen tailerra. Osagarriak eta bitxiak sortuko dituzte, diseinuak pertsonalizatzeko eta 3Dan modelatzeko aukera ematen duten askotariko tresna eta tekniken bitartez. Topagune bat La Perrerako Makergunean, modaren eta teknologiaren zale diren 12-17 urte bitarteko gazteentzat. Elebiduna izango da, eta ASTEARTE ETA EGUENETAN egingo dute, URTARRILAREN 24TIK APIRILAREN 1ERA, 17:00ETATIK 21:00ETARA BITARTEAN. Parte hartzeko, IZENA EMAN BEHAR DA AURRETIAZ HEMEN.
- «Etorkizuneko gorputzak»: 9 saio, OTSAILAREN 2TIK APIRILAREN 1ERA, 17:00ETATIK 21:00ETARA BITARTEAN, teknologiaren eta gizadiaren arteko harremanaz hausnartzeko. Jakinmin Elkarteak jardun filosofikorako gunea eskainiko du, eta, ekimena osatzeko, eztabaidak eta tailerrak egingo dituzte, eta artea eta teknologia uztartzen dituzten gailuak sortu. Asmoa da sakontzea giza gorputzaren gaitasunak hobetu edo handitzeko teknologia erabiltzeak dituen ondorioetan. 30 urtera arteko adin nagusikoei zuzenduta dago, elebiduna izango da, eta tailer bakoitzak 5 euroko prezioa izango du. Parte hartzeko, IZENA EMAN BEHAR DA AURRETIAZ HEMEN.
EKITALDIA:
- «Gure Derbi» Zati bi izango ditu: batetik, FIFA txapelketa bat, 200 parte-hartzailerentzat; eta, bestetik, ShowMatch bat, eta aurretiazkoa Twitchen (kontatua, debatearekin, jokalari ohiei egindako elkarrizketekin eta abarrekin). Libreki jokatzeko gaming eremu bat ere egongo da, egun bietan. URTARRILAREN 13AN ETA 14AN, eta APIRILAREN 1EAN ETA 2AN izango da, 17:00ETATIK 21:00ETARA bitartean, La Perrerako erabilera anitzeko gelan. DOAKO EKITALDIA izango da, eta EZ DA BEHARREZKOA IZANGO AURRETIAZ IZENA EMATEA (edukiera bete arte sartuko da jendea).
ASTEROKO JARDUERAK:
- «Gaming Just Dance»: dantza-jokoa, Makergunean, EGUAZTENERO, 18:00ETATIK 20:00ETARA BITARTEAN. EZ DA BEHARREZKOA AURRETIAZ IZENA EMATEA (edukiera bete arte sartuko da jendea).
- Robotika, Legorekin: robotika-gunea, Legozko robotak eraikitzeko eta horiekin zenbait ataza egiteko. BARIKURO, 18:00ETATIK 20:00ETARA. EZ DA BEHARREZKOA AURRETIAZ IZENA EMATEA (edukiera bete arte sartuko da jendea).
LA PERRERA ETA «KONEKTA»
Joan den abenduaren 16an, Juan Mari Aburto alkateak La Perrera eraikina inauguratu zuen, Basurtun. Berriro zabaldu ziren azpiegitura horren ateak, Bilboko gazteentzako erreferentziazko gune eta ekipamendu bihurtzeko eta urian beste zerbitzu soziokultural batzuk eskaintzeko helburuarekin.
12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako espazioa da, bizitzako zikloetan zehar dituzten beharrizanei erantzun nahi diena.
Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan garatuko den «KONEKTA» programan biltzen dira gazteei zuzendutako zerbitzu guztiak. Zentzu horretan, azpimarratu behar da erakunde biak elkarrekin lanean ari direla jada, joan den martxoan onetsitako ezarritako helburuak bete eta garatzeko.
«KONEKTA» programaren ekimenak Bilboko gazteriarekin konektatzeko elementu gisa planteatzen dira, gazteak bihurtuz beren interesekoa izan daitekeen udal ekintza ororen ardatz. Informazioa eta orientabidea emateaz gain, aukera berritzaileak sustatu eta ahalbidetuko dira, gazteek ekintzailetza, talentua, sormena, ekimena, parte-hartzea, konpromiso soziala, pentsamendu kritikoa, ahalduntze pertsonala edo talde-lana bezalako trebetasunak eta gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten.
«KONEKTA» programak, berez, Bilboko gazteekin batera diseinatutako Bilbao Hiri Gaztea Gazteriaren Udal Planean jasotako beharrizanei erantzuten die.