BILBO, GAZTEEN EMANTZIPAZIORAKO EUSKADIKO LEHEN ARRETA-ZENTRO PRESENTZIALAREN EGOITZA

Bilbo bihurtu da gazteen emantzipaziorako Euskadiko lehen arreta-zentro presentzialaren –GAZ-Bilbao izenekoaren– egoitza.

 

Bulego berria gaur goizean inauguratu dute, La Perrera eraikinean (Sabino Arana 50). Han, langile espezializatuek informazioa, orientazioa, aholkularitza eta laguntza integrala eta pertsonalizatua eskainiko diete 16-34 urteko gazteei, emantzipaziorako proiektuak abiaraz ditzaten.

INFORMAZIO GUZTIA HEMEN 

GAZ-Bilbao ekimen berritzaile eta pilotu gisa sortu da, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerri batzuentzat erreferentziazko eredu izateko asmoarekin. Hiru helburu zehatz ditu, aste honetan bertan onetsitako Eusko Jaurlaritzaren Gazteen Emantzipazioa Laguntzeko Euskal Estrategiaren esparruan eta horri jarraikiz:

 

  • Bilbon bizi diren edota Bilbon ikasten edo lan egiten duten gazteek beren bizi-proiektuak garatzeko dituzten aukerak zabaltzea,
  • gazteen emantzipazio-tasa handitzea
  • eta emantzipatzeko batez besteko adina

 

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzi Itxaso Errotetarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Gazteriako zuzendari Miren Saratxagarekin batera, zerbitzu berri hau aurkeztu dute gaur goizean, eta zerbitzua «aitzindaria, doakoa eta sarbide unibertsalekoa» dela adierazi dute.

 

Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkari Nagusiak gaineratu duenez, “GAZ zerbitzua emantzipaziora bideratutako beste zerbitzu espezializatu batzuekin konektatuko da. Zerbitzu horiek ekintza positiboa garatzen dute kalteberatasun-egoeran dauden gazteekin, hala nola, familia-laguntzako sarerik ez duten gazteekin, edo desgaitasunen bat edo gaixotasun mentalen bat duten gazteekin”.

INFORMAZIO GUZTIA HEMEN 

GAZ-BILBO, 3 LAN-ILDO

 

Gaurtik aurrera, hiru profesionalek arreta emango diote gazteen emantzipaziorako aurrez aurreko arreta-bulegoari (GAZ-Bilbao), astelehenetik larunbatera, goizeko ordutegian.

 

Bulegoaren jarduera hiru esparrutan oinarrituko da, emantzipazioa jatorrizko familia-etxetik irtete gisa ulertuta, mugikortasun- edo migrazio-ekimenak barne –erakarpena, atxikipena, lotura eta itzulera–:

 

  1. Arreta pertsonaleko zerbitzua, profesionalek emana. Zerbitzu horrek baliabideei, programei, eskaintzei, laguntzei, izapideei, eskura dauden zerbitzu eta prestazioei eta abarrei buruzko informazioa emango du, arlo hauetan: prestakuntza, etxebizitza edo enplegurako sarbidea, ekintzailetza babestea, bekak edo mugikortasun-programak eskuratzea. Halaber, aholkularitza fiskala, administratiboa, lanekoa edo juridikoa ere emango du emantzipazioarekin lotutako gaietan, baita lanbide-orientazioa ere, profil bakoitzaren araberako emantzipazio-proiektu pertsonalak diseinatzeko, alternatibei buruzko aholkuak emanez eta gazteei proiektu horiek abian jartzen eta garatzen lagunduz.

 

  1. Programazioa. Urtean zehar, gazteentzako hainbat ekimen garatuko dira, dituzten gaitasun eta talentuak ezagut ditzaten eta inguruneak eskaintzen duen eskaintza akademiko, profesional edo laboralari buruzko informazioa lor dezaten.

 

Helburua zera da, gazteen etorkizuna bideratzea eta horien trebetasun pertsonal, sozial eta profesionalak hobetzea (hala nola autokonfiantza, komunikazioa, sormena eta talde-lana).

 

  1. Zerbitzuak gazteen emantzipazioaren behatoki gisa jardungo du, entzuteko gune gisa, gazteen eskaria, proposamenak eta premiak ezagutzeko, honako jomuga hauekin:
  • emantzipaziorako baliabideen eskaintza ezagutzea eta horiek efikazia eta jasangarritasunez eguneratu daitezen ahalbidetzea, Zerbitzuaren erabiltzaileen premietara egokitzen ote den analizatzea eta hobekuntza-proposamenak diseinatzea,
  • zerbitzuaren jarraipen, emaitza eta inpaktuarekin loturiko adierazleen koadro bat diseinatu eta kudeatzea,
  • eta emantzipazioarekin lotutako esparruetan Bilboko gazteek duten egoeraren deskribapen zehatza egitea.

 

Hurrengo hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzak telefono bidez eta online arreta emateko zerbitzu bat jarriko du martxan (zerbitzu presentzialaz gain), gazteekin lotura bat sortzeko, hurbiltasunean, entzute aktiboan, arreta profesionalean eta haien premiei eta eskaerei erantzun baliagarria ematean oinarrituta.

INFORMAZIO GUZTIA HEMEN