UDALAK LA PERRERA ERAIKINA SENDOTU DU GIZARTE BERRIKUNTZAKO ETA TEKNOLOGIA EMERGENTEETAKO LABORATEGI MODURA, GAZTEEKIN ETA GAZTEENTZAT

Bilboko Udalak arrakastaz itxi du La Perrera programaren lehen urtea, 2022ko abenduan martxan jarri zenetik. 10.000 erabiltzaile baino gehiagok eta 150 jarduerak egiaztatu dutenez, “mota horretako proposamen bat beharrezkoa zen Bilboko sormena, talentua, konpromisoa eta energia katalizatzeko, uri gaztea den neurrian”, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziaren hitzetan.

“”Bilbo Hiri Gaztea 2022/25” udal gazteria-estrategia lantzeko prozesuak balio izan zigun Bilboko gazteei entzutekohaien eskaerak eta beharrak zeintzuk diren bertatik bertara jakiteko, eta Bilboko gazteak talentudunak, prestatuak, sortzaileak eta solidarioak direla egiaztatzeko; izan ere, gazte horiek beren proposamenak kontuan hartzea nahi dutela uriko zati aktibo modura, eta Bilbon beren bizi-proiektua garatu ahal izateko aukerak eskatzen dituztela”, adierazi du Errotetak.

Horrela, bada, Bilboko Udalak La Perrera eraikina sendotu du gizarte berrikuntzako eta teknologia emergenteetako laborategi moduragazteek eta gazteentzat egina. Zentroa sendotu egin da emantzipazioari laguntzeko proiektu integral gisa, parte-hartzera eta ideien eztabaidara irekitako espazio gisa, berrikuntza-ekosistema gisa eta gazteek gidatutako proiektuen sustatzaile gisa, non teknologia berriak gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunaren ikuspegitik aztertzen eta aplikatzen diren.

2022ko abenduan inauguratu zenetik, 10.000 pertsonak baino gehiagok erabili dituzte beren zerbitzuak eta ekipamenduak (GAZ Bilbao gazteen emantzipazioari laguntzeko, Gazte Informazioko Bulegoa, liburutegia, ikasketa-gelak, coworkinga, etab.). 10.000 pertsona horiek erakunde publikoak, pribatuak eta pertsonak biltzen dituen lankidetza-sare gero eta handiago batetik antolatu diren 150 jardueretan hartu dute parte (tailerrak, erakusketak, topaketak, hitzaldiak, master class, etab.).

Etorkizun hurbilean, laster hasiko den 2024an, La Perrera proiektuak aukera berriak sortzen jarraituko du gazteentzat Gazteen Emantzipazioa Babesteko Euskal Estrategiaren esparruan eta, horretarako, ideia eta proiektu berriak babestuko ditu “Konekta Ideiak” programaren bidez, parte-hartzea eta 2030 Tokiko Agendaren desafioekiko konpromisoa sustatuko ditu “Bilboko Gazte Panela”ren bidez, eta tokiko “talentua” garatzen lagunduko du, zientzia eta teknologiarako sarbide unibertsala erraztuz.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziaren hitzetan, “Gazteria eta Kirol Saileko profesionalen taldearentzat, prozesu hori aukera bat izan zen gazteekin konektatzeko eta haiekin La Perrera proiektuan abian jartzen ari garen ekimen eta jarduteko modu berriak eraikitzeko.

GAZ BILBAO

Martxoan, eta Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan, Bilboko Udalak Gazteen Emantzipazioari Laguntzeko Euskal Sarearen EAEko aurrez aurreko lehen udal-bulegoa jarri zuen abian La Perrera eraikinean: GAZ Bilbao. Hilabete hauetan 17 tailer egin dira etxebizitzaren, enplegu-bilaketa aktiboaren, prestakuntzaren edo mugikortasunaren inguruan, proposamenak egin zaizkie beste erakunde batzuei, ia 400 gazteren kontsultei erantzun zaie eta bulegoko adituek 25 gazteri lagundu diete emantzipazio-prozesuetan.

2024an, GAZ Bilbaok ildo horretan jarraituko du lanean, Bilboko gazteei aholku emanez eta emantzipaziorako laguntzak eskuratzen lagunduz, Eusko Jaurlaritzak datorren urtearen hasieran abian jarriko duen hileko 300 euroko laguntza berria barne.

BILBOKO GAZTE PANELA

Ekimen hori uriko 8 barrutietan bizi diren 18 eta 28 urte arteko 27 gazterekin lankidetzan jarri da abian eta aurten aukera izan dute gazteriaren arloko udal-politikak ezagutzeko eta horiei buruzko iritzia emateko; era berean, udal-teknikariekin batera sormen-prozesu batean, 2024an abiaraziko diren 3 proiektu eta ekintza diseinatu dituzte udal-komunikazioaren, emantzipazioaren eta gazte-ekimenen arloetan.

Itxaso Erroteta zinegotziak adierazi duenez, “entzuteko gaitasuna eta elkarrizketa eraikitzailerako trebetasunak hobetu behar ditugu, eta “norentzat” ez ezik, “norekin” ere sortzen ikasi behar dugu, horrela bakarrik izango baikara gai herritarrengan konfiantza eta konpromisoa sortzeko. 2023ko esperientziak Panelaren beste edizio bat abian jartzera animatu gaitu; 2023ko edizioan parte hartuko duten 12 gaztek eta 2024ko urtarrilean abian jarriko dugun deialdi ireki berri batean hautatutako beste 12 gaztek osatuko dute”.

“KONEKTA IDEIAK”

Programa hori gizarte-berrikuntzako herritarren laborategia da, pentsamendu kritikoa, elkarlana eta gizarte-ekintzailetza aktibatzen dituena. Jarduerak interes-taldeen, proiektuak ekoizteko deialdi irekien, elkarlaneko ikerketaren eta 2030 Tokiko Agendak planteatzen dituen erronken inguruko ikaskuntza-komunitateen inguruan antolatzen dira.

Aurten, “moda jasangarriaren” eta “ekonomia zirkularraren” inguruko proiektu bat diseinatu da eta 2024aren hasieran jarriko da abian. Proiektuak lehen fase bat aurreikusten du, “moda azkarrak” gizartean eta ingurumenean duen eraginari buruz hausnartzeko eta, ondoren, proiektuen deialdi irekia egingo da eta ekimen bi hautatuko dira, laguntza teknikoa, logistikoa eta ekonomikoa izan dezaten. Gainera, mentoretza zerbitzua eskainiko da prozesu osoan zehar. Proiektuak, beste laguntza batzuen artean, Bilbao International Art and Fashion (BIAAF) erakundearen lankidetza du. Modaren diseinuaren promesa bizkaitarrak bultzatzen ditu eta egoitza La Perrera eraikinean du.

BILBAO GAZTE STEAM

Ekimen hau balioetan oinarritutako kultura zientifiko-teknologikoa sustatzeko, eremu horietan gazteen bokazioak sustatzeko eta teknologia berrietarako sarbide unibertsala errazteko sortu da. Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak puntu horretan azpimarratu duenez, “garrantzitsua da gizarte- eta genero-ekitateko irizpideekin jardutea; izan ere, prestakuntza-, gizarte- eta lanbide-garapenak eskatzen dituen ezagutzak eta gaitasunak eskuratzeak guztion eskura egon behar du, inor atzean gera ez dadin.

2023an, 12 eta 30 urte arteko 5.000 gazte baino gehiago igaro dira Maker Gunearen instalazioetatik eta programazio, robotika, biodiseinu edo ikus-entzunezko tekniketako tailerretan hartu dute parte. La Perrera eraikinean “Green Power” (auto elektrikoen garapena), “First Lego League” eta “Word Robot Olympiad” lehiaketetan arrakastaz lehiatzen diren taldeak daude. 2024an, La Perrera programak unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin lankidetzan aritzeko sarea zabaltzen jarraituko du, eta teknologia berria emango die bere instalazioei adimen artifizialaren (AA) arloan.

Azkenik, Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak hauxe azpimarratu du: La Perrera hori eta askoz gehiago da: ikasketa-gelak, sustatzaile gazteen eskura jartzen ditugun espazioak eta ekipamenduak, liburutegia, KZGunea, Gazte Informazioko Bulegoa edo partekatutako guneak lagungarriak dira espazioa “bizi” dugunon arteko eguneroko harreman-ekosistema bat sortzeko, proposatu dugun xedeari zentzua ematen lagunduz. Eta, jakina, ez dut ingurunea ahaztu nahi. La Perrera Basurtu auzoan dagoen hiri-ekipamendua da eta Auzokoen Elkarteari zor dio izena, eta eskerrak eman nahi dizkiegu emandako laguntzagatik eta harreragatik.

Urtebetetze guztietan egiten den moduan, La Perrera proiektuak ere oso opari berezia izango du. Sustapenerako bideoklipa da, LOVA LOIS kantautore, rap-kantari eta poetak konposatutako abesti batekin.  Eta, jakina, grabazioan abangoardiako teknikak erabili dira, hala nola Stable Diffusion (adimen artifiziala), ikusizko inpaktu handiagoa sortzeko