Bilboko Udalak gazteei lagunduko die Eusko Jaurlaritzaren emantzipaziorako laguntza berria eskatzen, Gaz Bilbao zerbitzuaren bidez. “Emantzipa” Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Hilean 300 euro ematean datza, gehienez ere bi urtera arte, etxebizitza erosteko edo alokatzeko. Gaurtik aurrera, zerbitzuari buruzko komunikazio-kanpaina bat abiaraziko da sare sozialetan, “mupietan”, pantailetan, markagailuetan…
GAZ Bilbao La Perrera zentroan dago (Sabino Arana, 50). Bertan, langile espezializatuek informazioa, orientabideak, aholkularitza eta laguntza ematen dizkiete modu integral eta pertsonalizatuan 16 eta 34 urte bitarteko gazteei euren emantzipazio-proiektuetan. GAZ Bilbaok “Emantzipa” laguntza horri buruzko informazio-saio bat eskainiko du urtarrilaren 22an, 18:00etan, La Perrera zentroan duen egoitzan. Saioaren helburua laguntza hori eskuratzeko baldintzen berri ematea da, baita sor daitezkeen zalantzak argitzea ere.
Euskadin erroldatuta dauden 25 eta 29 urte bitarteko gazteek 2024ko otsailaren 20tik aurrera eskatu ahal izango dute “Emantzipa”. Laguntza hori gazteen emantzipaziorako 2030 Euskal Estrategiaren parte da.
Martxoan, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarekin lankidetzan, Bilboko Udalak Gazteen Emantzipazioari Laguntzeko Euskal Sarearen EAEko aurrez aurreko lehen udal-bulegoa jarri zuen abian La Perrera eraikinean: GAZ Bilbao. Ordutik hona, 400 gazteren kontsultak hartu ditu, eta bertako adituek 25 gazteri laguntzen diete euren emantzipazio-prozesuetan.
Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak adierazi duenez, “Bilboko gazteei euren emantzipazioa bultzatzen eta etorkizuneko proiektu pertsonal eta profesionalak eraikitzen laguntzea lehentasun estrategikoa da Bilboko Udalarentzat. Haiek dira etorkizuna, eta hemen gaude euren bizi-ibilbideak garatzen laguntzeko eta familia-etxtik ateratzen laguntzeko, emantzipazio-politika espezifikoen bidez”.