BILBOROCK GAZTEAK MUSIKAREN ETA SORMENAREN INDUSTRIAN EKINTZAILE BIHURTZEKO LABORATEGI GISA FINKATU DA

Bilboko Udalak Bilborocken denboraldi honetarako programazioa aurkeztu du, pertsona eta kolektibo gazteentzako ekintzailetza-laborategia izan dadin musika-, kultura- eta sormen-esparruetan.

Proposamenak 38 jarduera biltzen ditu, gazteek profesionalizatzeko prestakuntza eta tresna baliagarriak eskura ditzatentalentu eta sortzaile berrien harrobi bat sortuz, proaktibitatea, parte-hartzea eta ikusgarritasuna sustatuz hiriaren barruan eta kanpoan. Programazio horri gazteek proposatzen dituzten jarduerak gehitu behar zaizkio.

Bilborockek, 2023. urtearen amaierarako, 33.128 parte-hartzaile eta 387 ekitaldi hartu zituen, eta horietatik 112 pertsona eta kolektibo gazteek antolatu zituzten. “MIX-A”, “LOCAL-DJs” eta “FRESKURE” sartu dira programazioan 2024rako nobedade gisa. Programazio hori ekitaldi formatuan aurkeztuko da urtarrilaren 26an, 19:00etatik 01:00etara.

Egun horretan, jarduerak eraikin osoko espazioetan egingo dira. Entsegu-geletan, 2024an egingo diren programak erakutsiko dira, eta aurreko edizioetako bideoak jarriko dira. Halaber, Bilborocken dokumentalaren teaser bat proiektatuko da. Dokumentalak ekipamendu horren historia jasotzen du, berari lotutako pertsonen testigantzez lagunduta. 19:00etatik aurrera, erabilera anitzeko aretoan, bakarlari eta banda gazte hauek jardungo dute: Soda Timek musika urbanoko erakusketa bat egingo du hainbat artistarekin, Vittersweeten kontzertu akustiko bat eskainiko da, FEMME zikloko parte-hartzaileen kolaborazio bereziekin, AMOOMAren (funk & soul banda) kontzertua egongo da, eta Celeraka+Monet DJekin bukatuko dugu.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotziak adierazi duenez, “aurrera egiten jarraitu nahi dugu, Bilborock gazteen ekintzailetza-laborategi gisa finka dadin musikaren, kulturaren eta sormenaren industriaren esparruan. Hartara, programa erakargarriak eskaintzen jarraituko dugu. Haien bidez, gazteek gehiago ikasiko dute, eta espazioa eta sinergiak partekatuko dituzte antzeko interesak dauzkaten beste pertsona batzuekin, baita euren talentua sustatu ere”. Bilborock pertsona eta kolektibo gazteentzako erreferentzia-gune bat izatea nahi dugu, profesionalizazio artistikoa, ikusgarritasuna eta kolektibo horrentzako aukerak sortzea ahalbidetzeko”.

2024ko PROGRAMAREN BERRIKUNTZAK:

  • “MIX-A”. Hilean ostiral batean DJen erakustaldiak antolatuko dira, esperientzia handiko kolektibo profesionalekin eta bertoko kolektibo gazteekin. Ziklo honetan arreta berezia jarriko diogu emakumeen presentziari. Sarrera doakoa izango da.
  • “LOCAL DJs”. Entsegu-aretoetako lokal batean DJ ekipo profesional bat prestatuko da, sortzaile gazteek saioak espazio egoki batean entseatu ditzaten eta euren artean komunitatea sortu dezaten. Saio horiek bideoan grabatu daitezke, Bilborocken sare sozialetan argitaratzeko.Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 22:00etara*”DENON PRIME GO” zuzendaritza-taldea etengabe egongo da prest erabiltzaileak artatzeko, soinu-ekipo profesionaletan erreferentea den “PHASE” enpresarekin egindako lankidetza-hitzarmenari esker.*
  • “FRESKURE”. Bilboko Udalak ekimen hau indartu du: bi hilean behingo programa izatetik hilean behingoa izatera igaro da. Bandei aukera emango zaie “Son Estrella Galicia” kontzertuetan parte hartzeko (kobratuz), marka horrek Bilborockekin duen babesletzaren esparruan. “FRESKURE”n jarduten duten banda guztiek prestakuntza jasoko dute Deu Txakartegiren eskutik, zeinak eskarmentu handia baitu musikaren eta kulturaren arloan.

PROGRAMA GOGOKOENEK INDARREAN JARRAITZEN DUTE

Programa berri horiez gain, dagoeneko eskaintza erakargarria daukagu:

  • “LOKAL SESSIONS”. Kalitatezko musika-bideo bat grabatzea entsegu-aretoetan, pertsona eta banda gazteek euren lana sustatu ahal izateko.
  • “BIDEOKLIPA”. Erabilera anitzeko aretoa banda gazteei doan uztea, euren musika-bideoklipak aurkez ditzaten.
  • “IGANDAYS”. Kontzertu-zikloa, gehienbat formatu akustikoan. Igandeetan egingo dira, bi hilean behin, 13:00etan, eta arreta berezia jarriko zaie musikaren esparruan emakumeen presentzia duten bandei.
  • “BERRIAK”. Musika urbanoko jaialdia, bertoko artista urbanoen berri emateko eta artista ospetsuekin aritzeko aukera emateko.
  • “FEMME BILBAO”. Solasaldi/kontzertu zikloa, hilean behingoa, hainbat diziplinatako emakumeekin, on-line formatua eta aurrez aurrekoa konbinatuz. Saio bakoitzean, bi artistak euren esperientzia pertsonalak azalduko dituzte eta zuzeneko kontzertu bat eskainiko dute, zenbait kanta joz.
  • “KLASIKOAK”. Kontzertu berezia Bilborocki lotutako banda historiko nazionalekin eta estatukoekin, bertoko banda hasiberri batekin batera.
  • “IMAGINAUTAK”. Bi hilean behin, artista gazteek arte-diziplina desberdinetako proiektuak partekatzen jarraitu ahal izango dute (poesia, zinema, musika, dantza, performancea, argazkia, moda, etab.).
  • “GAZTE EGUNAK”. Hilean behin, Bilborockek doan eskainiko dizkie 18 eta 30 urte bitarteko pertsona eta kolektiboei erabilera anitzeko gela, bertako ekipoak eta teknikariak. Tarifa hobaridunak ere izango dira 16 eta 25 urte bitarteko pertsona eta kolektibo gazteentzat. Gainera, urtean zehar, bertoko bandei eta banda berriei laguntzen jarraitzeko asmoz, “Son Estrella Galicia” musika-proiektuarekin lankidetzan 3 kontzertu programatuko dira, talde nazionalekin, estatukoekin eta nazioartekoekin, bertoko banda hasiberri batek lagunduta.