KULTURA BILBO ZAHARRERA BUELTATUKO DA BLV-ARTEN ESKUTIK APIRILAREN 18TIK 28RA ARTE

Bilbo Zaharra auzoak urtero egiten dituen kultura jarduerei ekingo dio berriz ere apirilaren 18tik 28ra arte BLV-ART jaialdiaren edizio berriarekin. Jaialdiak XVIII. edizioa aurkeztuko du aurten eta proposamenez beteriko egitarau zabal eta anitza prestatu du egitasmo berritzaileez gozatu ahal izateko eta Bilboko auzoa kulturaren epizentroan bihurtzeko helburuarekin.

Programa gaur goizean aurkeztu da Bilboko Udalean eta bertan izan dira Alicia Otxandategi, BLV-ARTeko zuzendaria eta udal kultura programatzailea, eta baita Justo Ezenarro, Bilboko Udaleko kultura zuzendariordea ere. Natalia García Muro koreografoak “El espacio de los límites” dantza-piezaren emanaldi labur bat eskaini du.

BLV-ART 2007an sortu zen, “Bilbao Zaharra, Kulturarako zubia” Udalaren kultura-estrategiaren barruan kultura-programa aitzindaria izan zela, auzoaren inguruko kultura-jardueren programa zabal bat abian jartzeko helburuarekin. Ekimen honen bidez, auzoari balioa eman nahi zaio, eta bide batez, Bilboko biztanle guztien begietara erakargarri bihurtu kulturaren bidez. Urteak igaro ahala, BLV-ARTen bitartez, Bilbo Zaharrean arte proposamen berritzaileenak aurkeztu dira bere diziplina guztietan, eta, horrela, kulturaren bidez, bilbotarrei eta bisitariei auzoaren interes kultural zabala ezagutaraztea lortu da.

Edizio berri honetan publikoak hamar bat proposamenez gozatu ahal izango du, hala nola, antzerki fisikoa dantza ikuskizunak, arte biziak, kontzertuak, poesia errezitalak eta objektuen antzerkia. Gune hauetan ikusi ahal izango dira: San Frantziskoko Udaltegian, Bilborock Aretoan, Berreginen Museoan eta Okela Sormen Laborategian.

13 proposamen izango dira, eta jarduera guztiak doakoak izango dira lekua bete arte, Bilborock Aretoko emanaldiak izan ezik, horiek bost euroko prezioa izango baitute.

Aurtengo programazioa gorputzari buruz doa eta beraz, aipatu behar da Ainhoa Resanok komisariatuko duen eta BLV-ARTek bultzatu duen “Esto es un cuerpo” izeneko argazki instalazioa, Martzana kaian ikusgai egongo dena. “Esto es un cuerpo” erakusketak gorputz kolektibo baten ibilera erakusten du, hiriko espazio publikora joaten dena gure zaurgarritasunean dagoen indarra gogoratzeko. Proiektu artistiko honek argazkigintzaren eta literaturaren bidez liburu bilduma bat eskaintzen du, mundu honetan bizitzeko esperientziaren garrantzian arreta jarriz. Liburu bakoitza gorputzaren zati bati eskainia dago. Horrela, ale bakoitzarekin gorputz osoa osatzen da, papera gainditzen duen komunitate, ekintza eta hausnarketa kolektibo baten bihurtuko den gorputz bat erakutsiz.

Erakusketa honek irudia pentsamendua sortzaile eta hausnarketa kritikoen eredu bezala ulertzen du. Zubiaren alde batetik bestera jarritako zortzi QR kodeek erakusten dute hori, argazki bakoitzaren informazioa baitago. “Esto es un cuerpo” Ane Jarque, Carol Caicedo, Carlota Visier eta Laura C. Velaren ideia originala da, Comisura argitaletxeak argitaratuta. Argazkiak Laura C. Vela eta Malu Reigal artisten lanak dira.

BLV-ART abangoardiako adierazpide artistikoekin lotuta dago, eta Udalak Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan garatzen dituen Plan Bereziekin bat egiten du, auzokideen bizi-kalitatea bermatzeko, bai auzoen dinamizazio sozialean ere.

Udalak kulturaren aldeko apustua egiten du, hiriko hainbat gune birgaitzeko elementu bezala.

PROGRAMAZIOA

BERREGINEN MUSEOA

  • Osteguna, apirilak 18, 19:00etan. (Antzerki fisikoa)
    “Arma Tiro Pum”, Aitor Vinagret
    ACT Duri Award Korea Saria
  • Osteguna, apirilak 18, 19:30ean. (Performancea-ele-bitan)
    “La Esther”, Ana Gebara
    “Ekintza edo mugimendu batek aldatzen du gorputz osoa. Hori da amamari eta niri gertatu zitzaiguna. Momentu eta egoera ezberdinak izan baziren ere, gure gorputzak eraldatu ziren eta edozer eraldatzen denean ezinezkoa da atzera bueltarik egotea.”
  • Ostirala, apirilak 19, 11:30etatik 13:30etara eta 17:30etatik 20:00etara
    “Contra la mirada”, Iara Solano Arana (Performancea-instalazioa)
    Denboran oinarritutako pieza da, non gorputza figura, mito, iradokizun bihurtzen den. Inoiz egin diren eskultura-lan enblematikoenetako batzuen kopiez inguratuta, gure gai sentigarriaren keinu anonimo txikiak ospatuko ditugu, etengabe eta amaigabe biratuz.
  • Larunbata, apirilak 20, 19:00etan (Dantza)
    “El Espacio de los límites”, Natalia García Muro
    “Nire gorputzeko txoko batzuk ez ditut ezagutzen oraindik, deskubritzen ari naizen espazio infinituak ditut. Tenkatzen dira, askatzen dira, malguak eta moldakorrak dira, adierazkorrak dira. Espazio bat dago nire gorputzaren eta nire inguruaren artean, arnasten duen eta nire dantzarekin mintzo den espazio bat”.
  • Larunbata, apirilak 20, 19:30ean (Dantza)
    “El arte de no ser”, Input
    Zirriborro poetiko bat, gorputzaren bidaia bat mendekotasunaren bizipenari buruz. Hustasunean barrena, izakiaren aldartea zipriztintzen duten isiltasuna, automatismoa, estresa, antsietatea, emozioak eta sentsazioak igaroz. Pertsonaia bat eta objetu bat, telefonoa, eta mundu oso bat aurrean, non halabeharrez lotzen diren existentzia eta beharra.
  • Asteazkena, apirilak 24, 19:00etan. (Ahozko poesia -Spoken word)
    “Centella que no abrasa”, Laura Sam
    Testuetan kritika soziala, amatasun disidenteak, belaunaldi-krisiak edo betiereko egonezin politikoa daude. Poemetan, badago tartea kontu humano, existentzial eta filosofikoetarako, isiltasun eta baretasun ukitu batekin.
  • Larunbata, apirilak 27, 19:00etan. (Dantza-antzerkia)
    “RABI(A)-Amorrua -رابعة”, Olfa Sesdeni
    Pentsamenduen, kultura-erreferentzien eta askotariko hizkuntzen dantza da (arabiera, gaztelania eta euskara). Mosaiko bat, non Ekialde Ertaineko, Ipar Afrikako eta Euskadiko kulturak, poesia mistikoaren, kantu esentzial eta tradizionalaren, dantza zirkularraren, ekialdeko dantzaren eta euskal dantzen fusioaren bitartez, espazioarekin, denborarekin, gorputzarekin, ideiaren presentziarekin, energiarekin, komunikazio-egitatearekin, bestearen parte-hartzearekin eta testuingurua aintzat hartzearekin aritzen diren.

BILBOROCK

  • Igandea, apirilak 21 19:30ean. (Dantza-Performancea-Musika)
    “Apoyatura”, Óscar Bueno
    Apoyatura kontzertu bat edo koreografia-pieza bat izan liteke, baina paisaia bat da; gorputz bat, piano bat eta zeru bat topatzen diren lekua. Soinuen, gorputzen eta ikuspegien erabakien sistema bat da.
  • Ostirala, apirilak 26, 20:00etan. (Antzerkia)
    “Llámalo X”, Neuke Produkzioak
    LGTBIQ+ lagun talde batek euren arteko tentsio eta espektatiba sexualak askatu gura ditu, orgia bat antolatuz. Orgia ohiko fantasia sexual bat da. Normalean, gizonek modu pornografiko eta/edo matxistan irudikatu dute. Baina, zer gertatuko litzateke ekintza hori desmitifikatu eta egingarri bihurtuko balitz? Horrela hasiko da trama. Baina euren desioa askatzeko bidean uste baino beldur eta muga gehiago aurkituko dituzte.
  • Igandea, apirilak 28, 18:30ean (Dantza-Objektuen antzerkia-Performancea)
    “Cosa. Intervenir un cuerpo”, Macarena Recuerda Shepherd
    Cosa, intervenir un cuerpo objektuek dantzatutako pieza bat da. Eszenografiak dantzatzen duen ballet handi bat. Ikusleei obra ezberdinak imajinatzeko modua eskaintzen dien esperientzia plastiko bat. 3 urtetik gorako pertsona guztientzako pieza bat.

OKELA SORMEN LABORATEGIA

  • Osteguna, apirilak 18, 20:00etan. (Dantza-Performancea-Musika)
    “La montaña del diablo”, Carla Roisin & Baseline
    “La montaña del diablo” Carla Roisin & Baseline-ren performance-kontzertu bat da. Obra Leire Muñoz artista bisualaren “Lo que nos ignora” testuan inspiratuta dago (Sostenibilidad estética 2021), baita Leire Muñoz eta Eriz Morenoren “Teufelsberg” erakusketan ere.

SAN FRANTZISKOKO UDALTEGIA

  • Asteartea, apirilak 23, 19:00etan. (Kontzertu performatiboa-ele bitan)
    “Loa, loa, laguna”, Maider Lasa
    Loa, loa, laguna diziplina askotako proiektu eszenikoa da. Bertan, bederatzi euskal lo-kanta tradizional berreskuratzen dira. Haietako sei Azkuek dokumentatutako herri-kantutegitik atereak dira. Kanta horiek eraldatuta daude, sentsualitateari eta sexualitateari buruzko gogoeta egiten duten bertsio berriak sortuz.
  • Osteguna, apirilak 25, 19:00etan. (Antzerkia-Musika)
    “Billie (O Ain’t nobody’s bizz-ness)”, la Pacheca Collective
    BILLIE abestiak dauzkan antzezlan bat edo kontzertu antzeztu bat baino gehiago da. Musikaren historiako abeslari handienetako bati egindako omenaldia da: Billie Holiday. Pertsona, interprete eta konpositore gisa. Salaketa bat eta zenbait galdera dira: “Nola biziraun gizarte klasista batean. Gizarte matxista batean. Gizarte arrazista batean”. Duela 100 urte.

SARRERAK ETA ERRESERBAK

Jarduera guztiak doakoak izango dira lekua bete arte, Bilborock Aretoan izango diren emanaldiak izan ezik, bost euroko prezioa izango baitute.

Bilborocken izango diren ikuskizunetarako sarrerak salgai daude esteka honetan, bestela leihatilan eskuratu daitezke emanaldia hasi baino 30 minutu lehenagotik.

BLV-ARTri buruzko informazio guztia eskuragarri hemen.