- Proiektuak aurkezteko epea maiatzaren 28ra arte luzatuko da. Proiektuen helburua izan behar da moda jasangarriaren testuinguruan ekimenak eta espiritu ekintzailea sustatzea, eta 18 eta 35 urte bitarteko gazteen artean sormen-prozesuen garapena babestea.
- Hiru artistak “Talk & Show” batean parte hartuko dute (sarrera librea) apirilaren 28an, La Perreran, 19:00etan.
Bilboko Udalak martxan jarri du “Green Glam–Moda Jasangarria” programaren hirugarren edizioa. Hiru artistaren “Talk & Show” batekin hasiko da, Bokashi-k koodinatuta eta garatuta, apirilaren 28an, 19:00etan La Perreran, 18 eta 35 urte arteko gazte bilbotarrei zuzendutako proiektu-deialdi berri batekin.
“Green Glam” “Konekta Ideiak” udal programan kokatzen da, adin-tarte horretako bilbotar gazteentzat asmatua, herritarren berrikuntzako eta gizarte-ekintzailetzako laborategi gisa jarduten duena, 2030 Agendaren GJHen inguruan. Deialdi berri honen helburua da ekimenen garapena bultzatzea eta espiritu ekintzailea sustatzea moda jasangarriaren testuinguruan, sormen-prozesuen garapena babestearekin batera.
La Perrerako apirilaren 28ko “Talk & Show”a esperientzia berritzailea, parte-hartzailea eta murgiltzailea izango da. Formatua hurbila eta dinamikoa izango da, eta sektoreko funtsezko gaiei buruz elkarrizketa ireki bat sortzeko pentsatuta dago: ehungintzak arte garaikidean duen garrantzia, ehungintza kultura- eta identitate-lengoaia gisa, berrerabilera eta upcyling-a sormen-paradigma berri gisa, eta nola definitzen dituen jasangarritasunak diseinu- eta ekoizpen-prozesuak.
Parte-hartzaileen artean Rut Olabarri eta Maider Aldasoro egongo dira, ehungintza-sektorean funtsezkoak diren eta Bilbon itzal handia duten bi figura. Jantzigintza garaikidearen ekosistemaren ikuspegi osagarriak partekatuko dituzte. Ikerketa materiala, jardun artistikoa, jasangarritasuna eta belaunaldi sortzaile berriekiko lotura jorratuko dituzte. Era berean, Jaione Anzolak –programaren azken edizioko irabazleetako batek– parte hartuko du, proiektuan izan duen esperientzia eskainiz. Amaitzeko, saioaren amaieran performance formatuko jarduera kolektibo bat egingo da: parte-hartzaile guztiek aktiboki parte hartu ahal izango dute janzki bat elkarlanean sortzen, ekitaldia esperientzia bizi, sortzaile eta partekatu bat bihurtuz.
Azkenik, egun berean, deialdi irekia egingo da moda jasangarriaren arloko proiektuetarako, Bilbon bizi diren edo hiriarekin loturaren bat duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 28tik maiatzaren 28ra bitartekoa izango da, inprimaki baten bidez. Inprimakia BilbaoGazteren webgunean dago eta gazteria@bilbao.eus helbidera bidali beharko da. Epaimahaiak proiektu bat aukeratuko du aurkeztutakoen artean. Hautatutako ekimenak Estudio Bokashi-ko profesionalen banakako akonpainamendua izango du. Sektoreko profesionalen prestakuntza espezializatua jasoko du eta sektoreko profesionalekin harremanetan jarriko dute. Gainera, Bilboko Udalak 2.500 euro –gehienez ere– bideratuko ditu proiektura, ekimena garatzeko (jardueretarako, materialetarako etab.). Bestalde, 500 euro jarriko ditu parte-hartzearen konpentsazioaren kontzeptu gisa, proiektuaren arduradunarentzat.
Informazio guztia eta galdetegia hemen daude: https://bilbaogazte.bilbao.eus/es/greenglam/

