-
- Gaurtik aurrera eta azaroaren 28ra arte, 15 eta 30 urte arteko 6 gazte ibiliko dira urian zehar, jende gaztea bildu ohi den guneetan. Haiekin hitz egin, eta uria hobetzeko dituzten proposamenak jasoko dituzte.
- Gazteekin elkarrizketa bat hasiko dute, karta-joko batean oinarritutako online aplikazio bat baliatuta, Udal Planean lantzen diren ardatzetako bati buruzko galderak erantzun ditzaten (etxebizitza, enplegua, osasuna eta espazio publikoak). Zeharkako beste esparru batzuk gehitu ahalko dira; hala nola, jasangarritasuna, ingurumena edo generoa.
- Entzute proaktiboko ekimena da. «Bilbao Hiri Gaztea» Gazteen Udal Plana egiteko prozesuaren barruan sartzen da, eta helburu du 100 gazte ingururen iritziak entzutea eta biltzea, eta ideia horiek kontrastatzea Udala dagoeneko lantzen ari denekin.
(Bilbon, 2021eko azaroaren 19an) .- Bilboko Udalak entzute aktiboaren eta kontrastearen alorreko ekimen berri bat jarri du abian, «Bilbao Hiri Gaztea» Gazteen Udal Plana egiteko prozesuaren barruan. Gaurtik aurrera eta azaroaren 28ra arte, 6 gazte ibiliko dira urian zehar, jende gaztea bildu ohi den kale, plaza eta parkeetan. Haiekin hitz egin, eta uria hobetzeko dituzten proposamenak jasoko dituzte.
Elkarreragite eta entzute proaktiboko ekimen horren bidez, Udalak 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazte ingururengana hurbildu nahi du, beren iritziak jasotzeko eta beren itxaropenak, beharrizanak eta iritziak kontrastatzeko Gazte Plana egiteko prozesuan jada lantzen ari diren proposamenekin.
6 gaztek osatutako taldeak gailu mugikor bat izango du aldean. Karta-joko moduko bat izango da, eta karta bakoitzak balioko du Udal Planean lantzen ari diren ardatzetako bati buruzko elkarrizketa bat hasteko (etxebizitza, enplegua, osasuna eta espazio publikoak). Zeharkako beste esparru batzuk ere gehitu ahalko dira; hala nola, jasangarritasuna, ingurumena edo generoa. Asmoa da elkarrizketa arina sortzea, gazteek Bilbori buruz pentsatzen dutena helarazteko, konfiantzan, beren adineko pertsonei.
EKINTZA INSTAGRAMERREKIN
Azaldutako ekimenarekin batera, azaroaren 21etik 27ra bitartean, Bilbao Gaztearen, talde eragilea osatzen duten pertsonen, prozesuan laguntzen ari diren Miriam Lujua eta Eleder Iglesias instagramerren, Nerea Mazo aktorearen sare sozialak erabiliko dira, Planari ekarpenak egin nahi dizkieten beste gazte batzuei ere entzuteko eta parte-hartze eremua zabaltzeko.
Bideoen eta storieen bidez, beren jarraitzaileak animatuko dituzte galdera zehatzak erantzutera edo gogoetarako aukeratutako gaiekin lotutako esaldiak osatzera.
Jasotako iruzkinak prozesatu egingo dira, ondorioak ateratzeko; eta ondorio horiek, gero, gehitu egingo zaizkio azken asteetan «Bilbao Hiri Gaztea» Plana definitzeko egindako lanari.
Iruzkin interesgarrienak edo inspiratzaileenak 20 txartelaren zozketa batean sartuko dira. Txartel bakoitzak 30 euroko balioa izango du, eta Bilboko dendetan trukatu ahalko da.
Prozesuaren helburua da hainbat ekintza-ildo kontrastatzea eta gazteengandik ahalik eta ekarpen gehien jasotzea, eraikuntza kolektiboko lankidetza-metodologien bidez eta Bilboko sei gaztek osatutako talde eragile baten laguntzarekin.
BESTE EKINTZA BATZUK
Datorren abenduaren 11n, kontraste-jardunaldi bat egingo da, herritar guztientzat. Prozesu osoan zehar jasotako lehen ondorioak aurkeztuko dira bertan. Parte hartu nahi duten 18 eta 30 urte bitartekoek hemen eman dezakete izena.
Gazte Plana egiteko lanak honako hauek ere jasotzen ditu:
- Koordinazio Mahaia: «Bilbao Hiri Gaztea» planaren jarraipena egiteko eta planaren betetze-maila neurtzeko tresna izango da, besteak beste.
- Gazteen Parte-hartze Foroa: Udalak foro hori abiaraziko du, gazteekin harremana mantentzeko eta aldian-aldian beren errealitatera hurbiltzeko tresna iraunkorra izan dadin.
Deskargatu zozketaren oinarriak hemen