Zabalik dago Bilbon kirol ekimenak egiten dituzten klub eta erakundeentzako dirulaguntzak eskatzeko epea

Bilbon kirola garatzen eta bultzatzen duten ekimenetarako eta programetarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago jada. Kirol ekimenak egiten dituzten klubek, erakundeek eta arduradunek uztailaren 15eko 14:00ak arte egin ditzakete eskariak.

Dirulaguntza hauetarako inprimakiak Bilbao Kirolak erakundearen webgunean jaits daitezke. Eskabideak izapidetzeko, mezu elektroniko bat igorri behar da promocion@kirolak.bilbao.eus helbidera, edo Bilbao Kirolak erakundearen egoitza nagusian aurkeztu (Nafarroa kalea 5, 4. solairua)

Kiroletako dirulaguntza hauek sei jarduera-lerrotan banatuko dira:

  • Lehenengo jardun-lerroa kiroletarako da, oro har, baina baditu xede berezi batzuk: gutxiengoen kirola, futbola (7, 9 eta 11ren artekoa kanpoko zelaietan) eta joan etorriak. Kirol-erakundeen gizarte- eta federazio-funtzioa eta joan-etorriak garatzeko dirulaguntza da.
  • Dirulaguntzaren bigarren lerroa Bilbon gauzatzekoak diren kirol-programen garapena da, hartara guztiek parte hartzeko moduko kirola sustatzearren, kirola egin dadin era osasungarri, jostagarri, integratzaile eta jarraituan.
  • Hirugarren jardun-lerroaren xedea da kirol ekitaldi puntualak garatzen laguntzea, kirola bultzatuz eta aldi berean uria sustatuz.
  • Laugarren jardun-lerroaren xedea da emakumeen kirola sustatzea eta emakumeek kirolaren arlo guztietan parte har dezaten bultzatzea, eta, orobat, ikusgai jartzea neskatoek eta emakumeek egiten duten kirola.
  • Bestalde, kirol egokitua bultzatzea eta kirola desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko tresna gisa sustatzea Bilboko Udalaren politiken ardatz estrategiko bat dira. Abiaburua hori delarik, kirolaren arloko diru-laguntzen bostgarren lerroaren xedea Bilboko kirol egokitua da.
  • Jardun-lerroen arteko azkena, berriz, klubekiko hitzarmenen eta diru-laguntza izendunen arloan kokatzen da. Atal honetan sartzen dira Bilboko Udalak hainbat talderekin egiten dituen hitzarmenak, hala nola Bidaideak BSR Bilbao, Santutxu Atletismoa, San Inazio Beisbola, Deustu Arraunketa, Bizkaiko Eskuopilota Federakuntza, Metropolitano Irristaketa Kluba, Unibertsitateko Rugby Club eta Bilbo Futbol Sala Kluba.

Informazio gehiago hemen.